Borrar
Itziar Garate Zarauzko malekoian orain egun batzuk. ETXEBERRIA
«Artizarraren atmosfera ari gara aztertzen Pariseko laborategian»

«Artizarraren atmosfera ari gara aztertzen Pariseko laborategian»

Itziar Garate Astrofisika, Parisen ikerlari moduan lanean

ANTXON ETXEBERRIA

ZARAUTZ.

Domingo, 25 de febrero 2018, 00:14

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Itziar Garate Lopez Astrofisika ikasi duen 31 urteko zarauztarra dugu. Bilbon doktoretza egin ondoren, egun Parisen ari da ikerlari moduan lanean, Artizarraren (Venus) atmosfera aztertzen. Orainartean Frantziako CNES (Centre Nationald'Éstudes Spatiales)-rekin zeukan kontratua, baina Eusko Jaurlaritzarekin hiru urtetako kontratu berri bat lortu du. Dena den, lehenengo bi urteak Parisen emango ditu eta hirugarren urtean Bilbora itzuliko da, UPV/EHU-ko Zien-tzia Planetarioen Taldera, Artizarra eta Marteren atmosferaren ordenagailu bidezko simulazioen ardura hartuko duelarik.

-Zein izan da zure ibilbidea Parisera iritsi bitartean?

-Nire lehenengo ikasketak La Salle ikastetxean egin nituen, lehendabizi Zarautzen eta ondoren Donostian, eta hortik Leioara joan nin-tzen. Han hasi nituen Fisikako ikasketak, baina astrofisikan espezializatzeko Tenerifera joan nintzen, La Lagunako Unibertsitatean lizentziatu nintzelarik. Geroago, doktoretza egin nuen Bilboko Ingeniari-tza Goi Eskola Teknikoan, Zientzia Planetarioen Taldean, eta orain Pariseko Metereologia Dinamikoaren Laborategian nago, doktoretza-ondoko ikerketa burutzen. 2016ko irailetik Parisen bizi naiz.

«Pariseko Meteorologia Dinamikoaren Laborategian nago ikerketa burutzen»«Hiru urterako beste kontratu berri bat lortu dut, orain Eusko Jaurlaritzarekin»

-Zein ikerketa ari zara burutzen?

-Nire tesian hasitako ikerketa ari naiz osatzen. Tesian, Artizarraren polo bakoitzean dagoen zurrunbilo bat aztertu nuen, Venus Express espazio-ontziaren VIRTIS espektrometroak hartutako datuetan oinarrituta; hortik zurrunbiloaren hainbat ezaugarri ezagutu nituen. Orain, zurrunbilo hori bera aztertzen ari naiz ordenagailu bidezko simulazioen bitartez, metodo numerikoekin.

-Eta pixka bat errazago ulertzeko?

-Artizarreko polo bakoitzean aire-zurrunbilo bat dago, planetaren gainazaletik 40-60 kilometrotara (altueran gutxienez 20 km hedatzen dela dakigu, baina gehiago izan daiteke). Europa guztiaren tamaina duen urakan baten moduan imajina dezakegu zurrunbilo hau, nahiz eta berez ez den urakan bat. Doktoretzan zurrunbiloaren abiadura eta tenperatura neurtzeko irudiak erabili nituen, ikerketa esperimental bat zela esan dezakegu, beraz. Baina orain zurrunbiloa alde teorikoago batetik ikertzen dut; ordenadore bitartez bere egitura erreproduzi-tzen saiatzen naiz, bere sorrera edo energia iturria ezagutu ahal izateko, besteak beste. Perspektibaz aldatu dut, baina ikerketaren helburua berdina da; zurrunbiloaren itxura eta mugimenduak azaldu ahal izatea. Eguzki sistemako planeta gehienetan daude zurrunbiloak poloetan, baina Artizarrekoa da aldakorrena. Egunero aldatzen doa, eta ez dakigu zergatik. Patroirik jarraitzen duen edo ez ikertzen dut, adibidez.

-Atmosferaren abiadura neurtzen ari zara?

-Lehen, Bilbon, bai. Orain, Parisen, aurretik neurtutako abiadura ordenagailuz simulatzen dut. Bilboko Zientzia Planetarioen Taldea Jupiterren eta Saturnoren atmosferaren abiadura, airearen tenperatura, hodeien morfologia eta abar esperimentalki ikertzeagatik da batez ere ezaguna. Espainia mailan zientzia planetarioen arloan 2-3 talde bakarrik daude, eta Bilbokoa da nire ustez garrantzitsuena.

-Astrofisika, meteorologiara hurbiltzen dela ulertu daiteke?

-Jendeari astrofisika ikasi duzula esaten diozunean, gehienek unibertso zabalean, galaxiak, kosmologia, eta horrelakoekin erlazionatzen dute. Nik egiten dudan astrofisika, ordea, meteorologiara asko hurbiltzen da. Beste planetetako meteorologia aztertzea(Eguzki sistematik kanpo dauden planetetakoa ere) astrofisika da baita.

-Parisen, zein taldetan zaude?

-Nire Pariseko taldea Planéto dei-tzen da eta Meteorologia Dinamikoaren Laborategian dago. Ordenadorez eraikitako eredu edo modelo ezberdinak ditugu atmosferak simulatzeko, hau da, fluidoen mekanikaren ekuazioetan oinarritzen diren programa informatikoak ditugu atmosfera baten ezaugarriak eta portaera aztertzeko. Guk modelo horiei behaketetatik jasotzen dugun informazioa sartzen diegu,behaketetatik lortu ezin den informazioa ondorioztatzeko edo muga-tzeko. Adibidez, irudietatik neurtutako abiadura eta tenperatura parametro ezagun moduan sartzen dira modeloan, hodeiak zein altueratan dauden ondorioztatzeko. Horretarako parametro ezezagun horien (hodeien altuera) balio ezberdinak probatzen dira, zentzuz jokatuz, zure modeloak errealitatean ikusten dena eman arte. Lortzen duzunean, parametro horien balioak ondo dituzula esan nahi du. Pariseko talde hau Marteko modeloagatik da ezaguna, oso modelo indartsua dute, nazioartean oso erabilia. Artizarraren modeloan ere aurrera pauso garrantzitsuak ematen ari gara. Ni Artizarraren taldeko kide bat besterik ez naiz.

-Zenbat zaudete taldean?

-Meteorologia Dinamikoaren Laborategian 70 bat pertsona daude, baina Planéto taldean 20 bat lagun gara. Gehienak, %80 inguru, ikerlariak gara eta beste %20a irakasle da (masterretan, doktorego kurtsoetan...). Nire kasuan, ikerketa kontratua daukat %100ean.

-Eta norekin daukazu kontratua?

-Momentu honetan Frantziako Centre Nationald'ÉstudesSpatiales-ekin, baina martxoan bukatzen zait. Dena den, 3 urterako beste kontratu bat lortu berri dut Eusko Jaurlaritzarekin, bi urte Parisen jarraitzeko eta hirugarren urtea Bilbon egiteko. Beraz, etxerako buelta ziurtatzen dit. Oraingo martxan jarraituko dut, Artizarraren modelo eta ereduak iker-tzen hasieran eta Marterenak ondoren. Asmoa da gero Bilboko Zientzia Planetarioen Taldean nire ikerketak aplikatzea, ez baitago inor Bilbon honetaz dakienik. Errealitatean ikusten denaren zentzu teorikoa bilatzea izango da nire lana.

-Etxera etortzeko gogoarekin?

-Oraindik ez daukat presarik, Parisen ondo nago. Lehendabizi Parisen egitekoak bukatu nahi ditut; baina egia da ere Bilbon etxetik gertuago nagoela eta lan-egonkortasuna bertan lortzea dela nire helburua. Parisen lanaldi osoko kontratua daukat, nahiz eta ordutegi finkorik ez izan. Momentuan egiten ari zarenaren arabera, burutzen ari zaren esperimentuaren arabera, ordu gehiago edo gutxiago sartu behar dituzu. Alde horretatik askatasun osoa daukagu, nahiz eta batzuetan asteburuan lana egitea tokatzen zaigun.

-Taldekideak nongoak dituzu?

-Gehienak frantsesak dira, baina postdok (doktorego-ondoko ikerketa burutzen ari direnak) kanpotarrak ere badaude. Laborategian gehien frantsesa erabiltzen dugu, edo bestela ingelesa. Dena den, ni espainiarrez betetako erresidentzia batean bizi naiz. Parisko hegoaldean dago, oso ondo kokatuta. Euskara erabiltzeko aukera gutxi daukat, bakarrik Euskal Etxean ezagutu ditudan euskaldunekin.

-Eta etxera maiz etortzen zara?

-Saiatzen naiz urtean zehar 8-10 aldiz etortzen. TGVa oso ondo dago. Hendaiatik Paris erdigunera, Montparnassera, 4:45 ordutan sar-tzen zara; erraz egiten da joan-etorria eta ez da hain garestia. Martxoan ere, nire urtebetetzeak direla eta, etorriko naiz. Nire taldean dagoen kanadar batek zailagoa dauka.

-Zure lanik argitaratzeko aukerarik izan duzu?

-Bai, baina zientzia aldizkariak ez dira kalean erosten. 'Nature' aldizkaria da garrantzitsuenetako bat guretzat. Aldizkari nagusiaz gain, arlo ezberdinak jorratzen dituzten beste aldizkariak ere baditu argitaletxe horrek, adibidez 'NatureGeoscience'. Bertan argitaratu nuen nik nire lehen lana. Euskadi Irratian ere hitz egiten dut hiru astetik behin. Taldean gure lana jendartera zabaltzen saiatzen gara. Arkamurkarekin ere harremana mantentzen dut, batik bat Astronomia Astearen egitaraua prestatzeko orduan. Eta norbaitek kontu hauetaz zerbait gehiago jakin nahi badu, gustura erantzun ohi ditugu galderak. Bai Bilboko, bai Pariseko taldeek webgune interesgarriak dituzte eta bertan guztion posta elektronikoak topa daitezke.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios