Aritzbatalde kiroldegiko ikasgelak asteartean zabalduko ditu berriz ere ateak

Ikasten. Kiroldegiko aretoa zabalik izango da aurten ere. /  AMAXKAR
Ikasten. Kiroldegiko aretoa zabalik izango da aurten ere. / AMAXKAR

Aurreko ikasturtean erabiltzaileen aldetik jasotako harrera ona ikusita, neguko azterketa garairako ikasgela berriz martxan jarriko da

DV ZARAUTZ.

Kiroldegian egokitutako ikasgelak datorren asteartean (azaroak 7) zabalduko ditu berriz ere ateak. Aurreko ikasturtean erabiltzaileen aldetik jasotako harrera ona ikusita, neguko azterketa garairako ikasgela berriz ere martxan jarriko da. Urtarrilaren 26a bitartean izango dute 2001. urtean edo aurrez jaiotako ikasleek bertaratzeko aukera.

Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 6:15etik 21:30era egongo da irekita, etenik gabe; larunbatetan 8:00-13:00 eta 16:00-20:30 artean, eta igandeetan, berriz, 9:00-13:00 eta 16:00-20:30 artean. Gunea bideokamerekin kontrola-tzen dute, eta ikasleek entxufeak nahiz wifia ere izango dituzte eskura. Aforoa kontrolatze aldera, erabiltzaileek liburutegiko txartela erakutsi beharko dute sarreran.

Kiroldegia itxita dagoen egunetan, ikasgela ere itxi egingo da. Hala nola, abenduaren 6, 8 eta 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an, ez da ikasgela-zerbitzurik izango. Era berean, abenduaren 24an eta 31n, arratsaldez, itxita egongo da.

Aretoa beteta

Maiatzean proba moduan jarri zen martxan kiroldegiko ikasgela. Sanz Enea udal liburutegia sasoi batzuetan txiki geratzen dela eta, Aritzbatalde kiroldegiko areto nagusia ikasgela bezala egokitzeko erabakia hartu zen Udaletik, batxilergo eta unibertsitateko ikasleei ikasteko beste gune bat eskaintzeko helburuarekin.

Nekane Iribar, Hezkuntza zinegotziak ikasgelaren inguruko balorazio «oso positiboa» egin zuen. Izan ere, eguneko 27 ikaslek erabili zuten ikasgela, bataz beste. Datuen arabera, maiatza izan zen ikasle gehien izan zuen hilabetea, selektibitatea eta unibertsitateko azterketak data horien inguruan izan bai-tziren. «Ikasgela maiatzaren 8an jarri genuen martxan eta asteburu hura izan zen erabiltzaile gehien izan zituena. Larunbat arratsaldean, maiatzak 13, eta igande goizean, maiatzak 14, aretoa bete zen 45 ikaslerekin», jakinarazi du Iribarrek.

Hezkuntza zinegotziak ikasgelan egon den giro aparta nabarmendu du, «ikasleei eskerrak eman nahi dizkiet ikasgelan izan duten jarrera bikainagatik. Euren artean errespetatu dira, isiltasuna mantenduz eta, zentzu honetan, izan duten jarrera arduratsua goraipatu nahi dut».

Ikasgelak erantzun ona izan duela eta, orain berriz ere zabalduko da. Gainera, hobekuntzekin iritsiko da, «argiztapena hobetuko dugu eta berogailua jarriko dugu martxan. Bestalde, aretoak 85 pertsonako aforoa duen arren, 50 ikaslerentzat egokituta jarraituko du. Datorren azterketa garaian jasotako emaitzak aztertuko ditugu eta aforoa zabaltzeko beharra dagoen baloratuko dugu».

Fotos

Vídeos