«Aparkaleku inprobisatuak herria kotxez betetzeko», dio EH Bilduk

DV ZARAUTZ.

Uda hasieratik EAJ eta PSEk osatutako udal gobernuak aparkaleku ezberdinak iragarri ditu gure herriaren erdigunean. Azkenengoak Mitxelena kalean eta Salberdingo lurretan izan dira, azken horretan 300 autorentzako tokiarekin. «Aparkaleku inprobisatuak dira, bertan etxebizitzak eraikitzen hasten direnean berriro ere kendu egin beharko direnak eta, horrenbestez, arazoari irtenbiderik ematen ez diotenak. Aparkalekuak erdigunean jartzeak sor ditzaken trafiko arazoak ere ez dituzte aurreikusi», diote EH Bildutik.

«Gure iritziz, planifikazio falta ikaragarria erakusten dute. Mugikortasunari dagokionez, EAJ-PSE 'partxeo' politikarekin ari dira, trafiko planifikaziorik egin gabe eta behin behineko erantzunak emanez, iraupen luzeko soluzioak bilatu beharrean».

«Legealdi hasieratik ari gara eskatzen EH Bildu Mugikortasun Planaren lanei jarraipena eman diezaioten baina ez dute lanketa hori egin nahi izan eta inprobisazio horren ondorioak pairatzen ari gara».

«Europako hiri handiei begiratzen badiegu, kontrako norabidean ari dira lanean. Orain arte gure herrien garapena autoaren inguruan eman da, bideratu diren araudiek naturalki oinez doan herritarra peatoi bihurtu dute.

Baina dagoeneko eredu urbanistikoa birpentsatzen hasi dira datorkienari egokitzen joateko eta herri bizigarri, egokitu, seguru eta herritar guztientzat eginikoak lortzeko. Guztietan gauza bera errepikatzen da: autoak hiritik ateratzea. Eta horretarako neurri ezberdinak ari dira har-tzen: doako aparkalekuak hiri kanpoaldean eta garraio publiko sistema eraginkorra, bizikleta elektrikoen errenta, bide-gorri sare zabalak ...». EH Bilduren esanetan, EAJ eta PSE-k hartutako erabakia ez doa bide horretatik.

«Gobernuaren ereduak autoak herri barruraino sartzea lehenesten du. Eredu zaharrekin ari dira eta bertakoei nahiz bisitan datozenei espazioa, lasaitasuna eta segurtasuna kentzen ari dira».

EH Bilduk argi du udako aparkaleku eskaera herri kanpoaldean egokitutako doako aparkalekuen bitartez konpondu behar dela. «Aparkaleku horiek maiztasun egokiko garraio publikoarekin lotura izan behar dute, bisitariek eroso aparkatu eta intereseko lekuetara gertura daitezen. Horrelako neurriek autoak barneraino sartu beharrean herritik ateratzea ahalbidetzen dute, herritarren segurtasuna, lasaitasuna eta bizi-kalitatea hobetuz. Hala pentsatzen dugu».

Fotos

Vídeos