Diario Vasco

Kiroldegiko langileak, haserre, Udalaren adierazpenekin

  • «Eskatzen dugun gauza bakarra gure lan baldintzak bermatu eta plegutan jasota gelditzea da», adierazi dute

Kiroldegiko langileak, Udal Gobernuko kideek ostegunean Urola Kostako hedabideetan eginiko adierazpenekiko «gure gaitzespen eta haserre irmoa adierazi nahiko genuke. Udalak, mezu honen bitartez, langileek bizi duten egoeraren erantzule bakarrak langileak egiten ditu, arduradun bakarrak eurak direnean. Larria eta onartezina da Udal Gobernu honek langileek bizi duten egoerarekiko duen seriotasun falta eta gutxienez, gure borroka errespetatu dezatela eskatzen diegu» kaleratu dute idatzi batean.

«Eskatzen dugun gauza bakarra gure lan baldintzak bermatu eta plegutan jasota gelditzea da, etorkizunerako jasota egon daitezen. Udalak bitartekari lanak egiten dituela dio, eta guk diogu hau ez dela tenis partidu bat eta ez garela jostailuak, herri honentzat kalitatezko zerbitzu bat ematen dugun pertsonak garela. Udala ez dela bitartekaria, udala arduraduna dela eta berak dituela arazo hau konpontzeko baliabide eta ahalmenak, ez langile kolektibo honek. Udal hau bitartekari izate horretan kokatzen bada egin ditzala bere lanak arduraz eta seriotasunez. Bitartekari bazarete ez egin gure borrokari presio gehiago, eta ez ibili behin eta berriz zerbitzu minimoak eskatzen kiroldegia irekitzeko, lan delegaritzaren ezezkoa jaso duzuenean zerbitzu esentzialak ez direla esanez. Bitartekari bazarete ez erabili enpresen diskurtsoa zuen ahotan eta defendatu behingoz herriko langileak», adierazi dute.

Jasotako proposamenen inguruan zera diote: «Udal Gobernu honek dio hiru proposamen egin dituztela enpresek. Guk plataformaren erantzun bakarra jaso dugu BPXen bitartez eta hurrengoa Udal Gobernuak azaldu zigun taula bat entregatuz enpresaren izenean. Hau seriotasuna da? Langileok tratamendu hobeagoa merezi dugula irudi-tzen zaigu. Proposamenak negoziazio mahaietan egin, langileen aurrean eta formalki. Gure soldatak ez dira 25.000 eurokoak, inondik inora ere, bestela ez ginateke egoera honetan egongo, gure denbora eta energia xahutzen. Hogeita bost langiletik hiru bakarrik dira lanaldi osoa dutenak, gainontzekoak lanaldi partzialak ditugu eta ez gara zenbaki horietara hurbildu ere egiten. Adibide bat jartzearren, kolektibo honetan %32,5 lanaldiarekin daudenak badira 8.315,16euro irabazten urtean, edota baita %18,25eko lanaldia dutenak ere bai 4.669,28 euro irabazten astean hiru orduko lanaldiak eginez. Gainera, langile gehiengoak urtean 10 hilabete bakarrik egiten dugu lan, udaran langabeziara goaz. Beraz, egia esatekotan, egi osoa esan dezatela eskatzen dugu. Bestetik, jaiegunak erabiltzaileei berdin kobratzen zaizkie eta guk ez ditugu kobratzen. Eta zer esan ikastaroak prestatzen pasatzen dugun denborari buruz. Guk lana etxera eramaten dugu, klaseak etxean preparatzen ditugu eta ordu horien ordaina ez dugu ikusten. Beraz, urratsak ematen ari direla diote, baina non daude urrats horiek? 2016ko apiriletik ari gara Udal Gobernu honekin bilerak egiten, gure eskakizunak luzatzen eta eurak eragin dute egoera hau. Arazoak konponbidea badu, baina borondate politikoa da falta dena».

Halaber, egunotan izandako elkarrizketatan «Udal Gobernuko ordezkari batek aitortu digu pleguak langileen lan baldintzak bermatzeko nahikoa diru jasotzen dutela, KPI+5 puntuko igoera bat bermatuz langileei. Hori hala bada, zertara jolasten duzue? Udal honen ardura bakarra diru publiko horren zenbateko handiena enpresen irabazietara bideratzea da, eta ez langileen poltsikoetara. Hori argi uzten ari dira bilera guztietan, enpresen proposamenak bere egiten ari baitira. Enpresariak ala politikoak, zer zarete zuek? Nola liteke 12 egun greban dagoen kolektibo bati arduraz jokatzeko eskatzea? Ze etika eta moral du karguan jarri berritan %40ko soldata igoera izan duten arduradun politiko batzuk horrela jokatzea? Kiroldegiko langileok negoziatzeko prest gaude, hitz egin eta adostasunetara iristeko borondate guztia dugula adierazi nahi dugu. Hori ere adierazi diegu behin eta berriz bileratan, izandako elkarrizketatan. Baina alde guztiak seriotasunez eseri eta gaiak exijitzen duen tratamendua eman arte borrokan jarraituko dugula adierazten dugu. Herria ez dezatela nahastu, egia esatekotan egi osoa esan dezatela eta behingoz erraztasunak eta konponbidea eman dezatela Zarauzko herritar eta kiroldegi honetako langile garen kolektibo honi. Bien bitartean, gure mobilizazioetan parte hartu eta babesa agertu duten herritar orori gure esker onak adierazi nahiko genizkieke».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate