Borrar
Unai Eizagirre. Zotzi puntu lortu zituen Palentzian.
Heldu da Grupo Ulaciaren laugarren garaipena

Heldu da Grupo Ulaciaren laugarren garaipena

Ligako lehenengo lau partidetan hiru garaipen lortu ondoren hamar jardunaldi jarraian zeramaten Zastekoek irabazi gabe

JUAN MARI ZUBIAURRE

Jueves, 9 de febrero 2017, 00:20

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Azkenean iritsi da Ulacia Grupok hainbeste behar eta merezi zuen denboraldiko laugarren garaipena. Larunbatean sailkapeneko azkeneko taldearen etxean jokatzen zuten eta garaile atera ziren Goar Artetxeren mutilak, 55-65 Venta de Bañosen aurka.

Ez da erraza izan. EBA Liga hasiera ikusgarri bat izan ondoren, zarauztarrek garaipenaren bidea galdu eta 10 partida jarraian galdu zituzten eta azkena joan den asteburuan TAKE Tolosaren aurka etxean, bigarren itzuliari hasiera eskasa emanez.

Azkenaldiko porrotak ahaztu, bidean ondo egindakoa gogoratu eta garaipenaren bidera itzultzeko momentu eta aukera paregabea zen EBA Ligako 15. jardunaldia. Azkenaldian entrenamenduetan egindako lan bikainaren fruituak jasotzeko momentua iritsi zen, azken jardunaldietako aho zapore gazia garbi- tzekoa eta, batez ere, irribarre egitekoa. Eta irribarreak izan ziren nagusi larunbat gauean Ulacia Grupoko entrenatzaile eta jokalarien artean Zarautzera bueltan ekarri zituen autobusean. Itzulera gozoa denentzat.

Laugarrenaren zain

Denboraldiko lehen lau jardunaldietan hiru garaipen eskuratuta dena argia zen zarauztarren artean, baina jardunaldiak aurrera joan ahala ez zuen sailkapenean beste garaipen bat gehitzea lortzen, ez zuen lasaitasuna mantentzea lortzen eta azkenean hamar porroten ostean iritsi zen hain preziatua zen eta hainbeste nahi zen denboraldiko laugarren garaipena.

Azken bolada txarra atzean uzteko asmo sendoarekin kantxaratu ziren Ulacia Grupoko jokalariak larunbatean Venta de Bañosen aurkako partidan. Sailkapenera begiratuta kantxa egokia zirudien laugarrena eskuratzeko baino EBA Ligan arerio errazik ez dago eta asko sufritu behar izan zen garaipena Zarautza ekartzeko.

Palentziarrek beraien kanpoko erreferentzia den Robert Valgeren hutsunea nabaritu zuten hasiera horretan eta zarauztarrek ongi jakin zuten duda horiek baliatzen, saskiratze errazak eta hiruko marratik asmatzen, horrela, lehen laurden on bat burutu ondoren, 6-19 aurretik ziren zarauztarrak.

Bigarren laurdena bide beretik hasi zen, Venta de Bañosek arazo handiak zituen puntuak lortzeko, eta Ulacia Grupok aldiz jaurtiketa erraz eta erosoak topatzen zituen. Partida apurtzeko aukera izan zuten zarauztarrek, baina erasoan ordu arte izandako eraginkortasuna galtzen hasi ziren pixkanaka. Jaurtiketak huts egiten eta baloiak galtzearen eraginez palentziarren erreakzioa etorri zen, 14-8 partzial batek oraindik partida lehiatzeko esperantza bazegoela sinestarazi zien etxeko jokalariei atsedenaldia iristearekin batera, 25-37.

Amaiera egokia

Hirugarren laurdenak bigarrenaren amaieraren ildo beretik jarraitu zuen, Venta de Bañosek errazegi ikusten zuen zarauztarren saskia, eta puntu trukaketan aurkariak hobeto moldatu ziren, 21-16ko partzialarekin 7 puntura hurbiltzea lortu zuten, 46-53. Osayande kanadiarrak, Garcia Layaren laguntzarekin (aipatzekoa azken honek lortutako 49 puntuko balorazioa 23 puntu eta 24 errebote eskuratuta), min asko egin zuten laurden honetan.

Azken laurdena, bi taldeentzat partidak zuen garrantziak bultzatuta nagusiki, ez zen oso ikusgarria izan. Joan etorrien laurdena izan zen, zarauztarrek ez zuten lortu 10 puntutik gora alde egitea, eta palentziarrek ez zuten lortzen alde hori 6 puntutik behera jaistea. Erasoko akatsak defentsan zuzentzen zituzten bi taldeek, puntuak garesti ordaintzen ziren eta, horrela, Ulacia Grupok ordu arte lortutako abantaila nahiko ongi kudeatu zuen ezinbestekoa zen garaipena eskuratzeko.

Behin laugarrena eskuratuta orain bosgarrenaren bila doaz Goar Artetxeren mutilak. Sailkapenean 11. postuan kokatuta daude eta gora begira jarri nahi dute gure mutilak. Igandean beste final bat jokatuko dute Aritzbatalden, etxeko babesean.

Gogoa dute zaletuen lana garaipen batekin eskertzeko eta igande honetakoa aukera paregabea da horretarako. Valle de Egues talde nafarra eta mailan debutaria dator bisitan eta denen artean bosgarrena lortu behar da. Igandean arratsaldeko 18:30ean zita bat dute saskibaloi zaleak Ulacia Gruporekin Aritzbatalden.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios