Diario Vasco

Ulacia Grupok Santurtziren bisita jasoko du gaur arratsaldean Aritzbatalden

Azken hiru partidak porrotarekin amaitu ditu Ulacia Grupok, baina horrek ez ditu kikildu ezta lanean jarraitzeko gogoa kendu ere. Porrotak izan arren, taldeak momentuka oso joko maila ona erakutsi du, argi izpiak erakutsi ditu zarauztarren jokoak. Horregatik EBA Ligako zortzigarren jardunaldian garaipenaren bidea berriro hartuko duten asmo sendoarekin daude. Gaurko arerioa Santurtzi izango da, arratsaldeko 18:30etik aurrera Aritzbatalde kiroldegian. Bizkaitarrak etxean sendo dabiltza, baina etxetik kanpo oraindik garaipenik ez dute lortu.

La Gallofa & Co, Igualatorio Cantabria Estela eta Universidad de Valladolid izan dira hurrenez hurren Goar Artetxek zuzentzen duen Ulacia Grupo garaitzeko gaitasuna izan duten hiru taldeak. 12, 7 eta 20 puntuko aldeak izan dira hiru partidetan. Hori ikusita badirudi partiduetatik at izan dela talde zarauztarra momentu batzuetan, baina hori ez da horrela izan, taldea bide onetik doa.

Motibazio handia

Goar Artetxek adierazi du taldeak oso joko maila ona erakutsi duela momentu batzuetan: «motibazio handiarekin iristen da taldea partidura, azkeneko emaitzak ez dira onak izan, baina oso joko maila ona erakutsi dugu momentu askotan. Akaso erregulartasun gehiago behar dugu berriro ere garaipenaren bidea hartzeko, baina taldea indartsu sentitzen da hiru porrot jarraian jaso ostean Santurtziren aurka garaipena lortzeko».

Eta zer hobe euskal derbi bat baino berriro ere garaipenaren bidea hartzeko? Santurtzi, sailkapeneko seigarren postuan dagoen taldea, Ulacia Grupo baino bi postu gorago, baina garaipen bakarrera, aukera paregabea berdindu eta sailkapenean salto bat emateko.

Partida aurrera ateratzeko bi gako, azkeneko partidetan behin baino gehiagotan azaldu zaizkigunak: errebotea eta baloi galtzea. Entrenatzaile tolosarrak hor jar-tzen ditu begiak garaipenaren gakoak non egongo diren galdetzerakoan.

Goar Artetxek argi adierazi du «denon laguntza eta babesa ezinbestekoak» izango direla garaipena eskuratzeko. Gaur denak Aritzbataldera. Taldea bide onetik doa bai, baina gure bultzada behar du urrats bat gehiago eman eta denboraldiko laugarren garaipena eskuratzeko. Ea ba helburua lortzen duten eta beste garaipen batekin, taldea sailkapeneko erdikaldean kokatzen den, jaitsiera postuetatik urrun.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate