Diario Vasco

«Une honetan Parekidetasun Kontseilurik ez dago Zarautzen»

Adierazpena. Emakume Kontseiluko partaide hauek kaleratu dute idatzia ikusten duten egoera salatuz.
Adierazpena. Emakume Kontseiluko partaide hauek kaleratu dute idatzia ikusten duten egoera salatuz. / AMAXKAR
  • «Zinegotzi berria dugunetik dinamika erabat aldatu dela eta hori ez ezik, kontseiluak funtzionatzeari utzi diola, zinegotziak bertan behera utzi duelako» adierazten dute Zarauzko Udaleko emakume kontseiluko kide batzuk

Zarauzko Udaleko emakume kontseiluko kide batzuk Udal kontseiluaren egoeraren inguruko prentsaurreko batean, «zinegotzi berria dugunetik dinamika erabat aldatu dela eta hori ez ezik, kontseiluak funtzionatzeari utzi diola, zinegotziak bertan behera utzi duelako» adierazi dute. «Kaleratutako idatzi honen egileak Kontseiluan parte hartu izan edo hartzen dugun emakume zarauztarrak gara. Eta kezkatuta gaude, baita haserre ere, guk erabaki gabe eta guretzat ezezagun diren arrazoiengatik bertan behera utzi delako Kontseiluaren dinamika».

Atzera begiratuz zera diote, «urteak dira Zarauzko Emakume Kontseilua martxan dela (2009tik, hain zuzen) legealdiz legealdi, kolorez kolore, bere bidea jarraitu du herrian Udalaren organo bezala parekidetasunaren aldeko lana gauzatzen. Kontseilu hau herritarrok parte hartzeko organo irekia izanik hainbat gara bertan parte hartzen dugun herritarrak, norbanako zein mugimendu ezberdinetako kideak, eta urteak daramatzagu gure ekarpenak egiten bertan».

«Orain arte dinamika eraikitzailea izan du Kontseiluak, bertako kideon hitza iritzia eta ekarpenak aintzat hartzeko borondatea azaldu dute Kontseilua zuzendu izan duten Parekidetasun Saileko zinegotzi ezberdinek eta horrela izan da urte luzez, sorreratik hain zuzen».

Legealdi aldaketa

Legealdi aldaketak etenaldi labur bihurtu ohi dira, egokitze tarte bat utzi behar izaten baita Udaleko zinegotzi berriak egokitu daitezen. «Azken aldaketan, ordea, egokitze baino zerbait gehiago aldatu delakoan gaude, izan ere Kontseiluak orain arte izan duen garrantzia eta tokia kolokan jarri dira. Lehen bileratik garbi utzi zitzaigun lan egiteko modua ez zela ordura artekoa izango. Tentsio dezenteko bilerak izan genituen orduz geroztik, lanerako giroa nola gaiztotzen zen ikusi genuen... zinegotzi arduradunaren mezu elektroniko bat jaso genuen arte: Kontseiluaren jarduera eten egin zuela jakinarazi zigun, gogoeta egin eta hura indartzeko bidea topatu arte» esaten dute.

«Zinegotzi arduradunaren alde bakarreko erabaki horren ondorioz, une honetan Parekidetasun Kontseilurik ez dago Zarautzen, urte askotan ondo funtzionatu duen udal organu batek bapatean eta inongo arrazoi garbirik gabe utzi egiten da. Eta hori ez da berri ona aukera berdintasunaren alde lan egiten dugunontzat». Haserre daudela ere adierazten dute, «haserre, bai, baina lanerako gogoz ere bai: ekarpenak egiteko, emakumeen egoeraz hausnartzeko, gogoeta hori beste emakume batzuekin partekatzeko, ekitaldiak antolatzeko, Udalaren barne funtzionamenduan eragiteko... Hori baita gure zeregina, egin eta eragitea, parte hartzearen bidez Udalak gure iritzia aintzat har dezan lan egitea. Beraz, gure borondatea argia da, egoera hau gainditu nahi dugu, lanean jarraitzeko».

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate