Diario Vasco

«Panamako esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat»

Atzerrian ibili ondoren, Panaman hain zuzen, orain, Zarautzen, masterra egin ari da Gorka.
Atzerrian ibili ondoren, Panaman hain zuzen, orain, Zarautzen, masterra egin ari da Gorka. / ETXEBERRIA
  • Gorka Berridi Arkitektoa; Panaman bi urte eman ditu lanean

Gorka Berridi Etxeberria 29 urte dituen zarauztarra da. Arkitektura ikasketak osatu ondoren, lanik ez zuela aurkitzen eta Panamara lan bila joatea erabaki zuten berak eta bere bikotekideak, Noeliak. Asko kostatu gabe, lana aurkitu zuten eta bi urte egin dituzte Amerikan. Baina etxeak 'tira' egiten duela eta Zarautzera itzultzea erabaki dute, hemen masterra bukatu eta lan bila hasteko asmoz. Gorka aski ezaguna da Amenabar-Zarautz taldeko atezaina baita.

Gorka, kontatu iezaguzu zure ikasketen ibilbidea.

Donostiako Arkitektura Eskolan egin nituen ikasketak. Karrera bukatu nuenean, 2012an, lan kontua ez zegoen batere erraza. Lantxo ba- tzuk egin nituen: adibidez, Zegamako baserri familiar baten eraberritze proiektuan parte hartu nuen; Oiartzungo garraio enpresa batean ere jardun nintzen... Guztiak ere trinkotasun handirik gabeko lanak ziren. Kurrikulum batzuk bidali nituen, baina ez zitzaidan ezer atera eta kanpora, atzerrira, joateko erabakia hartu genuen bikoteak eta nik.

Orduan, 'abentura' berri bat hasi zenuten, Panaman hain zuzen ere...

Bai, hala izan zen. Panama aukeratu genuen, hizkuntza eta herri lasaia zirudielako, gorantz doan herrialdea... Egia esan, karrera bukatu eta bi urte fundamentuzko lanik gabe egoteak kanpora ateratzera bultzatu gintuen. Lanik gabe joan ginen, lan bila; hori zen gure helburua. Kanpora ateratzea eta horrelakoak, gazte zarela egin beharreko gauzak direla iruditzen zait, ardurarik ez baituzu. Gainera, errazagoa izan ohi da bertara joan eta lana bilatzea, etxetik mugitu gabe aurki-tzea baino. Gauzak horrela, zortea izan nuen. Iritsi eta hiru astetara lehenengo lana bilatu nuen, Colon hirian egiten ari ziren obra bateko gainbegirale bezala. Zazpi hilabete eman nituen bertan, baina bizi ginen tokitik joan-etorria luze egiten zitzaidan (bi ordu bidean egunero) eta lanaz aldatzea erabaki nuen. Horrela, arkitektura estudio batean hasi nintzen beharrean. Hiru hilabete egin nituen bertan. Eta azken urtean, Panamako alde zaharra eraberritzen ibili nintzen bertako promotora batekin. Lan hauen guztien artean, tartetxo bat ere hartu genuen bikoteak eta biok, Zarautza etorri eta ezkontzeko.

Orduan, Panaman behintzat, lana bilatzea ez da hain zaila?

Ikasketak dituztentzat lana badago. Europako jendea ondo balora-tzen dute; han, egia esan, beste lan erritmo bat dute... Hala ere, baldin-tza onak lortzea ez da erraza; baina hala eta guztiz ere ez gara sufritzen ibili.

Hango bizimodua, hemengoarekin alderatuz?

Bizimodua desberdina da; bizi- tzeko erritmoa, ordutegiak... Gainera, bero handia egiten du eta egun osoa izerditan pasatzen duzu: urte osoan 27-32 gradu daude, sekulako hezetasunarekin konbinaturik. Bestela, Panamak, nahiz eta Erdi-Ameriketako herrialde aurreratuenetarikoa izan, gabezia handiak ditu oraindik Europa edo Ipar ameriketako herrialdeekin alderatzen badugu.

Eta han, norekin ibiltzen zineten?

Hemengo lagunak egin genituen. Donostiako neska bat, Murtziakoa bestea, Panama bertakoak ere... Geroago bi zarauztar ere joan ziren, Asier Peñagarikano eta Irene Ajubita; Mutrikuko mutil bat ere elkartu zen gurekin eta, pixkanaka, taldea euskalduntzen joan ginen. Bi zarauztarrek han jarraitzen dute oraindik, Peña garagardo enpresa batean lanean eta Irene, ni bezala, arkitekturarekin erlazionaturiko lanetan.

Arriskurik ez dago egunerokotasunean?

Gu lasai bizi izan gara, ez dugu arriskurik jasan, baina leku guztietan bezala, han ere pertsona onak eta txarrak daude. Diferentzia asko dagoela nabarmendu dugu dirua dutenen eta behartsuen artean. Turismo aldetik, Costa Rica da herrialde bisitatuena, baina orain hasi dira Panama gehiago 'saltzen'. Leku oso politak ditu, hondartzak, oihanak: Santa Catalina, San Blas, Bocas del Toro...

Bi urte etxetik kanpo atzerrian igarotzeak zer eman dizu?

Pertsonalki, esperientzia hau oso aberasgarria izan da niretzat; jende berria ezagutu dut, lan berriak, toki eta kultura berriak. Konturatzen zera etxetik kanpora ere bizi daitekela. Profesionalki, berriz, gauza ezberdinak egiteko aukera eman dit, arlo desberdinetan esperientzia hartu dut.

Etxera abuztuaren bukaeran etorri zineten. Geroztik, zer ari zara egiten?

Orain 'BIM manager' masterrarekin nabil, eta masterrean aurrera egin ahala, honekin zerikusia duen lanen baten bila hasiko naiz. Bitartean autonomo bezala dihardut lantxo txikiak egiten. Era berean frantsesa ikasten ari naiz eta, noski, eskubaloian jokatzen.

Gazte asko lanik gabe dagoela entzuten da. Zuen koadrilaren kasuan, nola zaudete?

Ba, gure kasuan, 25 gara koadrilan eta esango nuke gehienak lanean daudela; batzuk ingeniariak dira eta inguruko enpresetan daude lanean; beste batzuk autonomo gisa ari dira; atzerrian dabiltzanak ere badira (Holandan, Dublin-en, San Diegon beste bat...). Ikusten duzunez, denetarik dago gazte koadrila batean.

Eta eskubaloian, gustora berriz etxeko taldera itzulita?

Oso gustora; bi urte neramatzan jokatu gabe, baina Aitorrekin hitzegin nuen eta itzuli naiz. Hiru atezain gaude lehenengo taldean: adiskidetasun ona dugu gure artean. Ea puntuak pilatzen hasten garen: gure helburua mailari eustea da.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate