Diario Vasco

Manolo Urbietaren azken abestiak pailazoen disko berrian

Aurkezpena. Diskoan parte hartu duten hainbat lagun hurbildu ziren Musika Plazan egindako aurkezpenera.
Aurkezpena. Diskoan parte hartu duten hainbat lagun hurbildu ziren Musika Plazan egindako aurkezpenera. / ETXEBERRIA
  • Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek disko eta ikuskizun berria Zarautzen aurkeztu dute

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek asteburu honetan aurkeztuko dute 'Tipi-Tapa korrika!' ikuskizun berria, Eibarren hain zuzen ere. Hemendik aurrera ez dira gelditu ere egingo.

Aurretik, dena dela, ikuskizun berriaren eta kaleratu duten azken lanaren aurkezpena ostiralean egin zuten Zarautzen, Musika Plazan. Eta aurkezpenerako Zarautz aukeratzeko arrazoi nagusia, Manolo Urbietari egin nahi izan dioten omenaldia da. Disko berriak 32 abesti ditu, erdiak Manolok osatutakoak, gainera batzuk oraindik ezagutzen ez direnak. Manolo orain gutxi hil zen, baina azken unerarte lanean jardun zuen, bere bizitza osoan bezala, abestiak asmatzen.

Pailazoen musika egilea den Xabier Zabalak -Manolo bezala Musika Plazan jaioa, baina Xabier 1967an- azaltzen digun bezala, «jende askok eta askok hartu du parte diskoan. CD-aren 15 abesti Manolorenak dira; joan aurretik aiton-amonen eta haurren arteko erlazioetaz idatzi zituen abesti batzuk, pailazoek ikuskizun berrian abestuko dituztenak».

Diskoan parte hartu duten hainbat eta hainbat lagun hurbildu ziren Musika Plazara: Manoloren emazte Kontxi Aizarna ('Haizearen Herrira' diskoaren sustatzailea); Xabier Zabala (musika egilea eta moldatzailea); Andoni Egaña (Manolori eskainitako 'Luzea da bidea' liburuaren egilea); Josu Txapartegi 'Txapas' (irakaslea eta Manoloren lagun-miña); Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolako haurrak; Asier Amondo (AEK-Korrikako ordezkaria); Uxue Alberdi ('Haizearen Herrira' diskoaren ipuintxoen egilea eta 'Tipi-Tapa, korrika!' abestiaren hitzen egilea); Pirritx, Porrotx eta Marimtotots pailazoak... Hauekin batera, diskoan parte hartu duten musikari, kantari eta lagun ezberdinak ere bertan izan ziren: Xabier Saldias (Egan), Leturia panderojolea..., Manoloren semeak diren Joxean, Manu eta Xabier bezalaxe, edo eta Juan Luis Mendizabal 'Mendi' eta Antxon Lafont ekonomilaria.

CD berriak 'Tipi-Tapa, Korrika! du izena eta dagoeneko salgai dago ohiko lekuetan. Udaberrian abiatuko den Korrika 20.a izango da. Zenbaki biribila, kantari eta dantzan ospatzeko modukoa. Hori da pailazoen diskoaren eta ikuskizunaren oinarria. Ostiraleko ekitaldian CD berriko kanta batzuk ere abestu zituzten, eta nola ez, 'Ostirala iritsi da', leku guztietan hain ezaguna dugun abestitxoa.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate