Diario Vasco

Bi partida etxean eta bi garaipen Ulacia Grupok

Estanis Andres. Taldeko saskiratzaile onena izan zen 17 puntorekin partida bikaina eginaz.
Estanis Andres. Taldeko saskiratzaile onena izan zen 17 puntorekin partida bikaina eginaz. / AMAXKAR
  • Universidad de Burgosi irabazita, etxean indartsu azaltzen dira eta lautik hiru garaipen lortu dituzte

Bigarren partida Aritzbatalden eta bigarren garaipena Ulacia Gruporentzat, 70-65 Universidad de Burgos taldearen aurka. Laugarren jardunaldia eta hirugarren garaipena eskuratu dute Goar Artetxeren mutilek, sailkapeneko zazpigarren postuan kokatuz.

Erasoan erritmo gutxirekin hasi zuten bi taldeek partida, talde jokoaren bitartez puntuak lortzeko arazoekin. Zarauztarrek ekintza indibidualei esker lortu zituzten lehen puntuak, Universidad de Burgosekoek aldiz erasoko erreboteari esker izandako bigarren aukerei esker lortu zuten etekin gehien, 10 puntu, Ndiaye pibot handia nabarmendu zen arlo horretan. Markagailuko berdinketa azken segundoko Jon Sanz-en hiruko bati esker apurtu zen, 18 eta 15.

Bigarren laurdenaren hasieran, Estanisen saskiraketek 5 puntuko abantailatxoa eman zien etxekoei, baina lehen minutu horiek pasata, partidaren noranzkoa aldatzen hasi zen. Universidad de Burgos zona barruan baloiak sartzen hasi zen eta Ndiayeren lan onari Arnaizen puntuek lagundu zioten, 9 puntu laurden honetan, markagailua irauli eta 29-34koa ezartzeko. Ulacia Grupok azken segundoan berriz ere jokaldiarekin asmatu eta Estanis Andresek 31-34koa igo zuen markagailura, 3 puntuko desabantaila atsedenaldia zarauztarrentzat.

Azkenean garaile

Jaurtiketa libreetako punteria faltak (9tik 3 hirugarren laurdenean) eta aurkarien hegaleko jokalariek lortutako merituzko saskiratzeek Burgosekoen aldeko partiduko alde handiena ekarrarazi zuen, 39-46. Ulacia Gruporen erreakzioak ezin zuen gehiago itxaron partida garrantzitsu hau aurrera ateratzeko, eta defentsan pare bat baloi berreskuratuz eta erasoan oreka lortuz eta jarraikortasun gehiagorekin jokatuz 8 eta 0ko partziala eskuratu eta azkeneko laurdenera markagailuan 49 eta 49ko berdinketarekin iristea lortu zuten zarauztarrek.

Partida irabazteko bidea zein zen ikusi zuten etxekoek, eta bide beretik ekin zioten azken laurdenari, Aitzol Eguskiza eta Estanis Andresen puntuek eta Mikel Ibargurenek barruko jokoan eta Julen Egañak zelai osoko presioan egindako lana tarteko 7 puntuko abantaila eskuratu zuten Goar Artetxeren mutilek 4 minuturen faltan. Universidad de Burgosek ez zuen amore eman eta azken ahalegin bat egin zuen Alonsoren eskutik, 11 puntu azken laurdenean, baina Jon Saez de Ocarizek lortutako merituzko hiruko batek berriz ere lasaitasuna ekarri zuen etxekoen harmailetara eta hirugarren garaipena Ulacia Gruporen sailkapeneko kasilatxora, 70 eta 65. Datorren asteburuan, Santanderrera bidaiatuko dute. Gallofa & Co sailkapeneko hirugarrenari egingo diote bisita zarauztarrek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate