Diario Vasco

Ulacia Gruporen lehen porrota Eguesibarren

  • Herriko taldeak irabazteko aukerak izan zituen, baina 70-64 galdu zuen

Hirugarren garaipena jarraian eskura izan zuen igandean Ulacia Grupok, baina Valle de Egüesi eginiko bisitan denboraldiko lehen porrota jaso zuten Goar Artetxek zuzentzen dituen mutilek, 70-64.

Bolada onean iristen zen Ulacia Grupo taldea hirugarren jardunaldira, lehen bietan lortutako garaipenek eta batez ere Venta de Bañosen aurka bigarren zatian erakutsitako joko mailak hirugarren garaipena eskuratu zezaketela sinestarazi zituen mutilak. Bazekiten Nafarroatik garaipena Zarau-tzera ekartzea lan zaila izango zela, nahiz eta aurrean talde igo berri bat aurkitu. Valle de Egüesek garesti saldu zituen lehen bi jardunaldietan jasandako porrotak eta argi erakutsi zuen igandean ere maila mantentzeko borroka horretan kontuan hartu beharreko taldea izango dela.

Hasiera berdindua izan zuen partiduak; 18-14 amaitu zen lehen laurdena eta atsedenaldira nafarrek, 31-23 abantailarekin erretiratu ziren. Atsedenaldiaren ostean, erritmoa aldatu zuen Ulacia Grupok, Xabier Osaren 5 puntuek lehenengo 40 segundotan taldea beste jarrera batekin atera zela erakutsi zuen, zelai osoko defentsa batekin eta erasoan abiaduraz jokatuz 1-17ko partzial baten hasiera izan ziren lehen bost puntu horiek. Markagailuan 8 puntuko aldea lortu zuten Goar Artetxeren mutilek. Valle de Egüesek hala ere argi utzi zuen ez zituela besoak jaitsiko, eta pixkanaka aldea murriztea lortu zuen eta aurretik amaitu zuten laurdena, 45-44.

Azken hamar minututan erabakiko zen partidua, eta azken laurdeneko lehia horretan nafarrak nagusi. Bi behera iritsi ziren zarauztarrak azken minutura, baina azken saskiratzeetan ez zuten asmatu eta ezin hirugarren garaipena lortu.

Igandean izango dute hirugarren garaipena lortzeko aukera, Zarauzen, Universidad Burgos-en aurka.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate