Diario Vasco

Natur Astea igandera bitartean

Erakusketa. Igandean azken aldian bildutako perretxikoak sailkatuta ikusteko aukera izango da.
Erakusketa. Igandean azken aldian bildutako perretxikoak sailkatuta ikusteko aukera izango da. / AMAXKAR
  • Arkamurka Natur Taldeak antolatuta XXXVII. edizioa beteko du aurten

  • Atzo lehen hitzaldia izan zen Santa Marina kaleko egoitzan eta ohikoa denez bukatzeko perretxiko erakusketa izango da datorren igandean merkatu plazan

Arkamurka Natur Taldeak udazkenero antolatzen duen Natur Astea abian jarri zuen atzo arratsaldean. Datorren igandera bitartean hitzaldi ezberdinak prestatu dituzte Santa Marina kalean duten egoitzan, iluntzeko 20:15ean hasita, astelehenetik ostegunera eta larunbateko perretxiko sailkatze lanen emaitza, igandean ikusi ahal izango da merkatu plazan.

XXXVII. edizioa betetzen du aurtengo Natur Asteak, beraz aski ezaguna da herritar eta bisitarien artean eta urtero gai ezberdinak jorratzen saiatzen dira Arakamurkako kideak, bai hitzaldiei dagokionez eta baita igandeko erakusketari begira. Lehen hitzaldia atzo arratsaldean izan zen. Arkamurkako egoitzan, Raul Castro Uranga egon zen, itsas biologoak Arrainen ohiturak Mollarri eta San Anton artean eta 'Costumbres de nuestros peces entre Mollarri y San Anton' izenburuko hitzaldia eskaini zuen.

Beste hiru hitzaldi

Gaur bigarren saio bat izango da eta bihar zein etzi beste bi hitzaldi iragartzen dizkigute. Gaurkoan Alberto Santolaria itsas biologian doktoreak, itsaspeko bizitzaz eta garapen iraunkorraren helburuak izango ditu mintzagai, mundu mailako ituna aztertuz.

Bihar, Zarautza gerturatuko da Juanma Lasa, biologia irakaslea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologia saileko partaidea. Honenbestez, gaia onddoen mundura mugatuko da, biologia eta gizakiarekin dagoen erlazioa jorratuz.

Azken hitzaldia, berriro itsasoari lotuta egongo da, asteko bi lehenak bezala. Ibon Galparsoro, itsas zientzietan doktorea AZTIko ikerketa sailean. Berak landuko duen gaia 'Kostaldeko itsas azpiko paisaia' izango da.

Perretxiko sailkatzea

Arakamurkako kideak azken asteetan egindako lanaren emaitza sailkatu beharko dute larunbatean. Merkatu plazan orduak beteko dituzte bildu diren perretxiko guztiak sailkatzen. Arakamurka eta Aranzadiren arteko lana izango da igandean dena prest egon dadin bertaratzen direnak goza dezaten.

Sailkapen hutsa ez dute egiten Arakamurkakoek. Erakusketaren inguruan beste ekintzak ere antolatzen saiatzen dira. Aurten koniferoetako perretxikoei eskainia izango da erakusketako atal nagusia. Horren harira hamar kartel berri egingo dira non bertako zein kanpoko koniferoak izango diren ikusgai. Gainera kartel bakoitzaren parean pinu edo izei bakoitzaren hosto (orratzak), pinaburu, adar eta abar jarriko dira. Ikusi eta ikasteko moduko erakusketa izango da berriro ere merkatu plazan.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate