Diario Vasco

Ulacia Grupo-Venta de Baños, gaur arratsaldean Aritzbatalden

Ulacia Grupo saskibaloi taldeak denboraldi berriko etxeko lehen partidua gaur jokatuko du Aritzbatalde kiroldegian arratsaldeko 18:30etik aurrera Palentziako Venta de Baños taldearen aurka. Denboraldia ezin hobe hasi dute, joan den asteburuan 57-66 Tolosan irabazi eta gero.

Izena aldatuta kantxaratuko da taldea. Ulacia Grupok apostu garbia egin du EBA taldearen alde eta taldeari bere izena jartzeaz gain, bere autobusetan ikusten ditugun koloreak jantziko dituzte jokalariek euren kamiseta eta galtzetan.

Taldearen gidaritzan ere aldaketa izan da. Inaki Jimenezek taldea mantentzea lortu ostean, Goar Artetxek izango du aurtengoan taldea gidatzeko eta helburu hori lortzeko ardura. Entrenatzaile tolosarra iaz arte jokalari bezala aritu zen EBA Ligak TAKE Tolosa taldean, baina aurtengoan jokatzeari utzi eta aulkira jauzi egin du. Taldeari dagokionean ez da aldaketa handirik izan. Iazko balentria lortutako bizkarrezurrak jokatzen jarraitzen du eta fitxaketa bakarra izan da. Mikel Ibarguren Iraurgitik iritsi da barruko jokoa indartzeko asmoarekin.

Gaur aurrean Venta de Baños Palentziako taldea izango dute aurkari, udan ondo indartutako taldea: «Venta de Baños asko indartu da udara honetan eta daukan hasierako bostekoa oso konpletoa da», dio Goar-ek.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate