Diario Vasco
Unax Nogales eta Antxon Sarasua Modelo aurrean.
Unax Nogales eta Antxon Sarasua Modelo aurrean. / AMAXKAR

Unax Nogales eta Antxon Sarasua: «Folk country anglosaxoia topatuko dute gure lehen disko honetan»

  • Unax Nogales eta Antxon Sarasua (Noga musika taldeko kideak)

  • Modelo Aretoan, gaur 20:00etan, Noga taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du 'Living on the mountain' eta aurrez Amaia Gabilondoren saioa izango da

Unax Nogales zarauztar abeslariak bakarkako lanak alde batera utzi eta Noga taldea osatu ondoren egin berri duten diskoa aurkeztuko dute gaur Modelo Aretoan, iluntzeko 20:00etan hasita. Emanaldia Amaia Gabilondok irekiko du eta ondoren 'Living on the mountain' izenburua daraman diskoko abestiak entzun ahal izango dira. Taldeko Unax eta Antxon Sarasua bildu ditugu gaurko emanaldiaren aitzakiarekin Noga taldeaz gehiago ezagutzeko.

-Gaur aurkeztuko duzuen diskoa nola sortu da?

-Duela lau urte hasten da dena. Abestiak konposatzen hasi nintzen (dio Unaxek), bai letrak eta baita musika ere, gitarra akustiko baterekin. Prozesua oso mantsoa izan da, zeren ez zegoen dirurik honetarako eta argi neukan gainera konposatzen nengoen bitartean zerbait egin nahi nuela bakarka edo taldean jotzeko modukoa, formatu askotarako egokia izatea. Ez nuen garbi etorkizunean nola ibiliko nintzen.

-Azkenean talde bat osatzera animatzen zara.

-Bai. Musikariak bilatzen hasten naiz eta lehenik Bernat Barcena bateri jolearengana jo nuen lehendik ezagutzen nuelako. Bizkaitarra da eta estudio txiki bat dauka. Elkarrekin hasi ginen abestiak defini-tzen eta hilabete batzuk igaro ondoren Lander Moya bere lagun bajista sartu genuen eta hirukote bezala asko mugitzen hasi ginen, bereziki Bizkaian. Taberna askotan jo genuen eta abestiak indarra har- tzen joan ziren. Hau dena duela bi urte arteko kontua da eta ikusten zen kantak definituta zeudela eta indarra bazutela. Orduan sartu ziren Antxon Sarasua pianoarekin eta Jon Beñat Martinez gitarra elektrikoarekin eta abestiak jantzi egin zituzten, osatua geratu zen taldea.

-Hortik grabaketa prozesua etorriko zen ezta?

-Bai. Ikusten zen gauza serio jarri zela eta zerbait grabatu behar genuela. Horretarako Iñigo Eskariaza teknikariarekin harremanetan jarri ginen, zuzeneko teknikari bezala ibiliko da gurekin eta grabaketa ere bere estudioan egin dugu, Gamizen.

-Gaur estreinaldia eta etxean, berezia izango da noski.

-Bai urduri gaude eta gogoarekin. Ilusio handia jarri dugu proiektu honetan eta gaur plazaratuko da. Tamalez (dio Antxonek) gaur aurkeztuko dugu diskoa baina oraindik produktua, diskoa, ez daukagu eskuetan. Zertxobait atzeratu egin da, bertan parte hartzen dugunok sinesten dugulako proiektu honetan gabiltza bertan lanean eta gauzak lasai egin ditugu, bakoitzak ahal duen neurrian bere lana eginaz. Dena den bi edo hiru astetan kalean izango da.

-Diskoa helburua zen edo bideko atal bat gehiago?

-Bideko atal bat gehiago. Egia da abestietan dena jarri dudala, nire bizitzako atalak islatu ditut, hustu egin dut nire barrua baian diskoa ere helburu txiki bat zen. Ezagutarazteko balioko digu baino aurrera jarraitu nahi dugu zuzeneko emanaldiak egiten. Lasai egindako lana da, gustura gaude emaitzarekin eta aurrera egingo dugu.

-Gaurko emanaldia diskora mugatuko da?

- Esan behar dugu, diskoak 6 kanta biltzen dituela, gehiago bagenitun baina bapatean asko atera eta agian batzuk baztertuta gera zintezkeen eta horregatik 6 hauek aukeratu ditugu. Halere gaurko kontzertuan beste batzuk ere joko ditugu.

-Bakarlari izatetik taldeko kide izatera pasa zara Unax, nola izan da prozesua?

-Oso naturala. Bakarka asko disfrutatzen nuen baino beti nahi izan dut taldearen babesa ere. Egia esan zorte izugarria izan dut musikari hauekin elkartzean, onak izateaz gain babes handia eman didate, une batzuetan proiektu honetan ni baino gehiago sinetsi dute eta horrek indar handia eman dit.

-Antxon, Unax etortzen denean proposamenarekin zer pentsatu zenuen?

-Nik ezagutu nuen kasualitatez. Miren Fernandezekin nengoen Azken Portun egin zen ELAren aldeko jaialdi batean eta bertan jo zuen baita Unaxek. Ahotsa asko gustatu zi-tzaidan eta abesti batean bera kantuan zegoela bere ondoan eseri eta teklatuan lagundu nion. Kimika ona sortu zen bion artean eta ondoren eman zidan bere proiektuaren berri.

-Zer musika mota entzungo da gaur Modelo Aretoan?

-Kanta gehienak gitarra akustika batetik sortu direnez, folk kutsua izango dute, abestiak ingelesez dira eta country ukitua ere badute. Nik txikitan Bob Dylan edo Simon & Garfunkel bezalakoak entzuten nituen eta gaur egun Ed Sheeran, Passenger edo Ryan Adams bezalakoak ditut gogoko eta denak izan dute influentzia nire musikan. Hortik gabiltza estilo aldetik, folk, country, pop melodia asko dago, kantautoretik abiatu baino jantziagoa. Gainera aurretik Amaia Gabilondo zarauztar abeslariak ere kantatuko du.

-Bestela nola dago musika mundua kontzertuak emateko adibidez?

-Beno, oraindik diskoa ez daukagu eskuan eta horregatik ez gara promozioan sartu baino prest gaude etorkizunean etor daitekeenari aurre egiteko. Bermeon azaroan kon-tzertu bat emango dugu eta gero kontzertuak eman nahi ditugu.

-Bukatzeko, Imanol Urbietak ere agur esan digu.

-Bai, bagenekien osasun arazoak zituela. Bere legatua izugarria da, denok ezagutzen ditugu bere abestiak eta hor geratuko dira betirako. Maisu handia izan da eta barnean eramango ditugu bere kantak beti.

Recibe nuestras newsletters en tu email

Apúntate