Diario Vasco

Txirrindulari Txikien egunarekin hasiko da gaur Mugikortasun Astea

Txirrindulari txikiak. Goizeko 11etan abiatuko dira Lizardi Institututik. Kaskoa derrigorrezkoa da.
Txirrindulari txikiak. Goizeko 11etan abiatuko dira Lizardi Institututik. Kaskoa derrigorrezkoa da. / AMAXKAR
  • Datorren astean bide heziketako saioak izango dira haurrentzat eta autobusa doakoa izango da hilaren 22an

Zarauzko Udalak Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du aurten ere. Hala, gaur eta datorren asterako hainbat ekitaldi antolatu ditu 'Mugikortasun adimentsua, ekonomia indartsua' leloarekin bat eginik. Honela, Zarauzko Zikloturista Elkarteak eta Udalak antolatutako Txirrindulari Txikien Egunarekin hasiko da Mugikortasun Astea gaur bertan.

Lizardi Institututik irtengo dira parte-hartzaileak goizeko 11:00etan, eta itsas pasealekuan (Galtxagorri Elkartearen parean) amaituko dute ibilbidea. Bizikleta martxa 6 eta 14 urte bitarteko haurrei dago zuzendua. Proba ez da lasterketa bat izango, hiru kilometro egingo dituzte parte-hartzaileek lehiaketa kutsurik gabe eta amaieran guztiei hamaiketakoa eskainiko zaie. Gainera, hiru bizikleta zozkatuko dituzte. Proban parte hartu ahal izateko, kaskoa janztea nahitaezkoa izango da.

Bide heziketa saioak

Iaz bezala, aurten ere Zarauzko Udaltzaingoak bide heziketako saioak egingo ditu Mugikortasun Astearen baitan. Hala, irailaren 20an (asteartea) DBH1 eta DBH2ko ikasleekin (12-14 urte) saio bat egingo da 18.00etan, errepidean, eta irailaren 21ean, berriz, 18:00etan, Lege Zaharren enparantzan, LH4 eta LH6ko ikasleekin (10-12 urte). «Astearteko saioan errepidean bizikleta eta kotxeen arteko errespetuzko hartu-emana bultzatzeko lanean jardungo dute gaztetxoek bide heziketako Udaltzainekin eta asteazkenean, aldiz, gaztetxoagoekin gune partekatuetan bizikleta, patinetea eta oinezkoen arteko errespetua zein garrantzitsua den ikasiko dute», jakinarazi du Mugikortasun eta Udaltzain zinegotzi Maite Garrastazuk.

'Nire Autorik Gabeko Eguna'

Hilaren 22an, osteguna, 'Nire Autorik Gabeko Eguna' egingo da Europa osoan, baita Zarautzen ere. Zen-tzu honetan, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko helburuarekin, herri barruko autobus zerbitzuak doakoak izango dira egun osoan. Gainera, Mugikortasun Parkea jarriko da 18:00etatik 20:00etara, Lege Zaharren enparantzan, etxeko txikienen gozamenerako. Plasmakarts Pista (sei ibilgailu, puzgarrien zirkuituan zehar) izango da 5 urte bitartekoentzat eta 10 urte bitartekoen-tzat, berriz, puzgarriak (basoa eta rokodromoa).

Mugi txartela

Bestalde, Garrastazuk aurreratu duenez, mugikortasunari begira hainbat nobedade izango dira datozen hilabeteetan. Hala, Udaletik Mugi txartela tramitatzeko aukera izango da datorren urriaren 3tik, Herritarren Arreta Zerbitzuan (kale Nagusia, 29) eta autobusaren hirugarren linea martxan izango da azarotik aurrera. «Berrikuntza horiez gain, gogoratu nahiko nuke San Pelaioko tren geltokian ibilbide luzeetarako (Loiura joateko, kasu) autobusetarako txartelak erosteko makina dugula pasa den apiriletik jarrita eta ordu erdi lehenago erosi behar direla tiketak. Gainera, Alsa konpainiarekin ere adostasun batetara iritsi gara eskaerarik balego, autobusak Zarautzen sartzeko», jakinarazi du zinegotziak.