Diario Vasco
Euskara ikastera. Nekane Iribar eta Rakel Makazaga.
Euskara ikastera. Nekane Iribar eta Rakel Makazaga. / AMAXKAR

Udal Euskaltegian matrikulazioa zabalik eskaintza zabalarekin

  • Euskara ikasten hasi, maila hobetu edo euskara agiriak lortu daitezke bertan

  • Irailaren 23a bitartean izena eman daiteke aukera zabal baten barne

Udal Euskaltegiko ikasturte berriaren aurkezpena egin zuten atzo Udal Euskaltegian Nekane Iribar, eukera zinegotziak eta bertako zuzendaria den Rakel Maka-tzagak. Jakitera eman dutenez, matrikulazio epea irailaren 1ean ireki zuten eta 23ra artekoa izango da. Udal Euskaltegian, urtero bezala, eskaintza zabala dago. Ikasleak euskara ikasten has daitezke, beren euskara maila hobetu dezakete, eta euskara agiriak lortu ditzakete HABEren azterketak eginez, eta baita bestelako azterketa batzuk eginez ere, hala nola EGA, IVAPek egiten dituenak, Hizkuntza Eskolakoak...

Batetik, aurrez aurreko taldeak eskaintzen ditu, eta, bestetik, autoikaskuntza zerbitzua ere badago, On lineko ikasle gehienak eskoletara etorri egiten dira, baina badira etorri ezin eta Skype bidez egiten dutenak ere. Bietan euskalduntze maila guztiak egiteko aukera dago, A1etik C1era. C2 maila Autoikaskuntzan ematen da.

Bekak

Udalak euskara ikasten ari denari matrikularen %75 itzultzen dio, baldin eta klaseen %80ra etortzen bada. Ikastaroan zehar langabezian daudenei %100 itzultzen zaie. Horretaz gain, HABEren azterketaren bat gainditzen duenak erakunde horri dirulaguntza eska diezaioke, eta dagokion dirulaguntza HABE eta Udalaren artean osatuko da.

Beraz, Iribar anderearen esanetan, «guztien beharrak asetzeko eskaintza egokia delakoan, euskaraz ez dakitenak ikastera animatu nahi nituzke eta dakigunok berriz, erabili eta hobetzera».

Rakelek bere aldetik zera gogoratu zuen aurkezpenean, «Euskaltegiak 33 urte daramatza euskara irakasteko lanean. Aurten, iaz bezala, Curriculum berria osatu eta gure jarduna horretara egokitzeko lanarekin jarraituko dugu. HABEk 2015ean erabaki zuen Curriculum berria ezartzea: helduen euskaldun-tzearen ikas-prozesua, hau da, ikasle helduak bigarren hizkuntza ikastean egin behar duen aurrerabidea sei mailatan egituratzen du; Oinarrizkoa A1 eta A2; aurreratua B1 eta B2; aditua C1 eta C2; elkarreragin soziodiskurtsiboan ardaztua dago; hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua dago eta ekintza komunikatibotan definitua; eta euskararen ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitua».

Eskaintza

Aurtengo eskaintzaren barne topa-tzen ditugu «aurrez aurreko taldeak, egunean bi orduko eskolak. Oinarrizko mailetakoak astean lau egunetan, eta maila aurreratuan eta adituan astean hiru egunetan. Klase hauek astelehenetik ostegunera izaten dira».

Bestalde, «autoikaskuntzan, oinarrizko mailako ikasleek astean tutoretza bat izango dute, ordubetekoa, eta maila aurreratukoek eta adituen mailakoek hamabostean behin. Eguna eta ordua ikaslearekin adosten du tutore bakoitzak. Horretaz gain, astero ordubete edo bi orduko mintza-saioa ere izango dute, taldean..», jakitera eman zuen Makatzagak.

Euskaltegiko ikasleek euskara agiriak lortzeko azterketa egiteko aukera ere izaten dute apiriletik aurrera: maila aurreratukoek B1 eta B2koa, eta adituen mailakoek C1 eta C2ekoa. Oinarrizko mailakoek A1 eta A2ko agiria lortzeko aukera izango dute, azterketarik gabe, urte osoko ebaluazio jarraituaren bitartez. B1eko agiria lortzeko azterketak aurten ere, iaz bezala, ekainean izango dira. Eta bigarren azterketa deialdia, beti bezala, urritik aurrera izango da.

«Udal langileen trebakuntzarekin ere jarraituko dugu, euskara departamentuarekin elkarlanean. Jubilatu taldeak ere izango ditugu. Aurten izen ematea euskaltegian bertan egitea eskatu nahi diegu, horrela eginda hobeto antolatuko baititugu talde hauek. Gizarte zerbitzuetako departamentuko inmigrazio eta kultur aniztasuneko teknikariarekin elkarlanean, AISA-Harrera ikastaroa ere antolatuko dugu, herrira iritsitako etorkinak euskara ikasten hasteko, eta Udalaren hainbat zerbitzuren berri jasotzeko».

Azkenik mintzalagun programa aipatu zuten. Urola kostako Udal Elkarteak eta udalek antolatzen dute eta AEKk koordinatzen du egitasmo interesgarri hau.

Nahi duten ikasleek astero talde txikian euskara erabiltzeko aukera dute, bidelagun bat eta bi edo hiru bidelarirekin.