Diario Vasco

Euskal Jaiak ez dio euriari beldurrik

fotogalería

Zarauzko Galtxagorriak erakutsi zuten euriari beldurrik ez diotela, urtero egoten dira Munoan herritar eta bisitariei kontu berriak ekartzen eta atzo ere berdin. / FOTOS AMAXKAR

  • Euskal Asteko egun nagusian eguraldiak festa giroa mehatxatu zuen baina horrek ez zuen inor beldurtu

Urteko egun berezienetakoa izaten da zarauztarrentzat irailak 9a, Euskal Jai eguna. Uda beroa eta eguzkitsua izan arren atzo eguraldiaren mehatxua izan zuten herritar eta bisitariek. Lehen orduan kalera atera zirenek giro paregabea aurkitu zuten, bero gehiegirik gabe eta lainopean hasi zuten eguna. Baina ustekabean euriaren bisita izan zuten baserritarrez jantzita zeuden ehunka lagunek.

Bazirudien Euskal Asteko egun nagusia ondoratuko zuela eguraldi txarrak. Ez zen horrela gertatu. Zorionez euri tantak gutxituz joan ziren bitartean festarako gogoa zutenen indarrak nagusitzen joan ziren eta horren adibide garbiena Alproja antzerki taldean aurki dezakegu. Hilabeteetan egindako lana kaleratu nahi zuten eta ohikoa baino beranduago izan bazen ere, herriko kaleak zeharkatu eta Munoan azaldu ziren urteroko emanaldia antzezteko gogoz. Izenburua 'Zarautz 2016: Kultur herriburua'.

Irrikaz zeuden ikusleak aurtengoan zer topatuko zuten ezagutzeko eta amaierako txalo zaparrada en-tzun ondoren Alprojako kide guztiek pozik eguna igarotzeko eskubidea bereganatu zuten. Lan bikaina eta ondo eramandakoa une oro. Eskertu beharko zaie urtero egiten duten ahalegina eta bereziki atzokoan eguraldiak atseden txikiena eman zuenerako, han zeuden Alprojak herritar eta bisitariak alaitzen.

Musika eta dantza

Egun berezi honetan trikitilari, txistulari eta dultzaineroen aginduetara mugitzen dira baserritarrak. Tarteka Iturengo tunturroak ere azaldu ziren bazter guztiak euren ohiko doinuekin betetzen. Dantzarako aitzakiarik ez. Musika Plazan edo Lege Zaharren Enparantzan jende-tza ikusten zen dantzarako prest eta bereziki jendetsua izan berriro eguerdiko ordu bietan iragarritako Lizarrako Larrain dantza, partaide-tza handiarekin eta ikusten zeuden guztientzat ere ikuskizun eder bat emanaz.

Euskal Jaiak 2016ak apustu berezi bat ere izan zuen atzokoan. Udalak garai bateko karroza-lehiaketaren tradizioari eusteko eta formatu txikiagoko karroen inguruan sor-tzen den giroa balioan jarri nahian orga-lehiaketa bat antolatu zuen. Denetarik ikusi zen Zarauzko kaleetan. Batzuk betiko ohitua jarraitu eta erosketarako erabiltzen diren karroak erdi apaindu eta kalera atera zituzten. Ez da hori bidea. Beste batzuk lana hartu eta erabilgarri izateaz gain, dotoreak eta erakargarriak izan daitezken orgak aurkeztu zituzten. Lehen ahalegina izan da eta aurrerantzean bigarren bide honetatik jarraitzea izango litzateke egokiena baino hori bakoitzak erabaki beharreko kontua da.

Arratsaldean giroa Iñurritzako zelaira pasa zen. Baina ez zen festa giroa nabaritzen zen txoko bakarra. Txosna gunean ere euskal jai giro polita lortu zuten bertaratu zirenak. Iluntzean kalejiran itzuli eta indarrak oraindik erabat agortu ez zituztenak gaua ere luzea izan zuten festa eguna izan eta larunbat bezpera genuenez atzokoa.