Diario Vasco

Gaurko Euskal Jai egunak agurtuko du Euskal Asteko egitarau zabala

Antzerkia. Eguerdian Munoan Alproja taldearekin.
Antzerkia. Eguerdian Munoan Alproja taldearekin. / AMAXKAR
  • Goiztiarrak taldea, meza nagusia, Alprojaren antzerkia, karro lehiaketa, erromeriak...; disfrutatzeko eguna izango da

Euskal Asteko azken eguna gaurkoa, egun handia Zarautzen, izan ere Euskal Jaia herritarren urteko egun maitatuenetarikoa da. Azken egunetan denetarik izan dugu: bertsolariak, herriko taldeen emanaldia, dantza txapelketak, euskararen aldeko lasterketa, bazkari herrikoia, haurren euskal jaia, trikitilari txapelketa, eta, esan bezala, gaurko euskal jaiarekin agurtuko dugu prestaturiko egitaraua.

Eta ohitura den modura, goiz eresiarekin zabalduko da eguneko egitaraua. Goizeko 8:00etan, 'Goiztiarrak' taldea aterako da, aintzinako ohiturak berreskuratuz, kalez-kale ibiliko direlarik, garai hartako pertsonaiak irudikatuz. Era berean, 8:30ean, txistulari, trikitilari, dultzainero eta Iturengo tunturroak aterako dira. Goizeko 10:30ean Arantzazuko Amari eskainitako meza nagusia izango da Frantziskotarren elizan, Schola Cantorum-ek abestua. Elizkizuna Euskaldunon Mezarekin zabalduko dute (Peñagarikanorena). Hasieran, Arantzazu aldean abestia (Celayarena); ofertorioan Arantzazuko Amari poz-jarioak; komunioan: Zuk zer duzu Arantzazu eta, bukatzeko Arantzazuko Ama Birjiña (Garmendiarena).

Meza eta gero, 11:30ak aldera, 'Goiztiarrak' taldearen eskutik Frontoi Txikian, pilota partidak, herri kirolak, eta bertsolariak. Ordu laurden ondoren, Alproja taldeko partaideak bere irteera egingo dute San Inazio kaletik, eta Kale Nagusia, Musika Plaza, Torre Luzea parkea eta Nafarroa kalea zeharkatu ondoren, Munoara iritsiko dira, eguerdiko 12:00etatik aurrera 'Zarautz 2016: kultur herriburua' izenburua daraman antzezlana aurkezteko. Eskertzekoa da talde honetan aritzen diren lana, urtea joan urtea etorri, egun honetarako erakusten duten konpromezuarengatik.

Ordu berean, Musika Plazan, erromeria hasiko da trikitilari, txistulari eta dultzaineroekin, eta Lege Zaharren enparantzan trikitilariekin erromeria iragartzen da. Eguerdiko 13:30ean, karro lehiaketan parte hartzen duten koadrila guztiak Lege Zaharren enparantzan egon beharko dute, sariak banatuko baitira, gogoratu, guztira dozena bat sari. Segidan, 14:00etan, urteroko moduan, Lizarrako Larrain dantza herrikoia dantzatuko da dultzaineroen laguntzaz Musika Plazan. Arratsaldeko erromeria Iñurritzan izango da, 17:30etik 20:30era, joan-etorria kalejiran egingo delarik. Jakinarazi ere, Larrain dantza 19:15etan hasiko dela. Gauean berriz, alde batetik 22:30etik aurrera erromeria trikitilariekin Musika Plazan eta, bestetik, Munoan, dantzaldia Trikidantz taldearekin.