Zaragueta, 40 urte euskaraz heziz eta haziz

Irudi berria. Zaragueta eskolak irudi berria du, ostiralean inauguratu zen eskola aurrean. Beste argazkietan, guraso eta ikasleak ekitaldian . / ETXEBERRIA
Irudi berria. Zaragueta eskolak irudi berria du, ostiralean inauguratu zen eskola aurrean. Beste argazkietan, guraso eta ikasleak ekitaldian . / ETXEBERRIA

Ostiralean omenaldia jaso zuten orain lau hamarkada Zaragueta eskolan euskararen alde lehen hazia jarri zuten irakasle, guraso eta herritarrek

ANTXON ETXEBERRIA ORIO.

Orioko Zaragueta eskolak irakaskuntza euskaraz ematen 40 urte hasi zela eta ekialdia ospatu zuen ostiralean. Ikasturtean zehar egingo direnen hasiera besterik ez zen izan. Gazteleraz ematetik euskaraz ematerainoko jauzia eman zueneko goraipamena egin zen. Hau gauzatu ahal izateko inpikatu ziren guraso, Udaleko ordezkari, zuzendari, irakasle, Hezkuntza saileko ordezkari eta hainbat herritar hurbildu ziren eskolara.

Izan ere, Euskal Autonomi Erkidegoko eskoletan 80ko hamarkadan hizkuntza ereduak ezarri aurretik, Orioko Zaragueta Herri Eskolan haurrak euskaraz hezi eta hazteko beharra eta gogoa piztu zen 70eko hamarkadan. Familia, eskolako langile eta beste pertsona batzuen borroka eta lanari esker, aurten beteko dira 40 urte Zaragueta Herri eskolan lehen ikasle taldeak bere ikasketak euskara hutsean egiteko aukera lortu zuenetik. «Ordutik hona ere bidea gorabeheratsua izan da, zaila, oztopo eta une gazi-gozoz betea. Baina merezi izan du. Herritar haiek ereindako haziari esker, harro esan dezakegu Zaragueta Herri Eskolan Orioko haurrak euskara hutsean hezten eta hazten ditugula. Horregatik, 1977an hasitako bidearen 40. urteurrena ospatzera goaz», zioten ekitaldiaren aurkezpenean.

Bertan, gaur egun zuzendari den Rosa Velezek hitza harturik ongietorria eman zien hurbildutakoei. Aurkezpen lanetan Joseba del Olmoren laguntza izan zuen. «Omenaldia egin nahi diegu hasiera hartan jardun zuten guraso, irakasle, eta garai hartan Udaletik lagundu zutenei gogora ekartzea da ekitaldiaren helburu. Ilusioz eta egoskor hasi ziren orain 40 urte eta haien ondoren guk jarraitzen dugu bidea, era berean, ilusioz eta egoskor», adierazi zuen Rosa Velezek, aurtengo ikasturtetik Zaraguetako zuzendari berria, Juanjo Zubizarreta ordezkatuz.

«Gaurkoa hasiera besterik ez da izan; ikasturtean ospatuko dugu 40. urteurrena»

Guztien asistentzia eskertu eta gero, 40 urte hauetan ikastetxeko guraso elkarteko lehendakari eta zuzendariak izan direnen izenak aipatu zituzten. Guraso elkarteko ordezkari gisa, Aitor Etxanizek hartu zuen hitza. «Ni orain 26-27 sartu nintzen juntan; lanerako jendea falta zela, asko zegoen egiteko, eta haurrak bertan geneuzkala, ilusio handiarekin sartu eta lan asko egitea tokatu zitzaigun; 12 urte segidan egin nituen juntan Andres Ugarte lehendakaria zela. Haur eta herriarengatik lanak merezi izan zuela pentsatzen det eta jendea animatuko nuke lanerako».

Zuzendari izan diren irakasleak ordezkatuz, Marije Gonzalez de Txabarrik, bertsotan abestu zituen bere sentimenduak, euskara zaintzen eta euskal hiztunak hazten saiatu direla esanaz.

Ondoren, Hezkuntza Saileko Juanjo Arrizabalagaren hitzak entzun genituen. «Zuek zarete gaur protagonistak eta omenduak historiara pasako zarete euskararen alde egindako lanagatik. Zaragueta eskola publikoa dugu, euskalduna, inklusiboa, eleaniztasunari erantzuten diona, herrian txertatua, horixe dugu gaur Zaragueta eskola... Baina lanean jarraitu behar dugu eta ea hemendik 40 urteetara berdina esaten duten: Zaragueta gau eta egun euskaldun».

Jose Angel Zalduak, Orioko alkateak, azkenik, eskolaren historia errepasatu zuen, ezaguna zuen Antxon Agirre Sorondo antropologoaren datuak erabiliz. «Orioko lehen maixua apaiz bat izan zen 1605 urtean; 1897an Mari Maestra Gipuzkoako lehendabiziko haurreskolaren berri izan genuen; 1944an badakigu Orion maisu besteak besteak Jose Campos eta Ignacio Oteiza (Jorgeren anaia) jardun zutela. 1970an inauguratu zen Zaragueta eskola, eta oraingo kokapenean 1983 geroztik zaudete; aurten betetzen dira 40 urte euskararen aldeko urratsa ematen hazi zinetela. Erabaki zuzena hartu zenuten; ea beste 40 betetzen diren».

Ekitaldiaren barne, ikastetxeko ikasleek omenduei aurreskua dan-tzatu zieten; era berean, egun honetarako Iñaki Agirresarobek prestatuta zituen koplak abestu zituzten eta gainera, eskolaren irudi berria zabaldu zen, ikastetxearen sarreran, Iñigo Gaztañazpik sortua; azkenik, 40 urte hauetako txapa banatu zuten eta giro ederrean egindako merendatxoarekin bukatu zen ekitaldia, nahiz Rosa Velezek zioen bezala, «egitarauarekin hasi besterik ez gara egin».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos