'Adi Usurbil', Usurbil ezagutzeko app berria

Udalak ibilbidean jarritako QR kode bat. / ARANBERRI

Ibilbidean bisitatzen diren puntuetan QR kodeak ezarri ditu Udalak

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Udalak, Elhuyar fundazioarekin elkarlanean, 'Adi Usurbil' izeneko 'app' edo aplikazioa atondu du gailu elektronikoetarako. App berri honek Usurbil ezagutarazteko aukera eskainiko du, bere ondare kulturalari zein turistikoari erreparatuz, besteak beste. Izan ere, beste aukera batzuen artean, 'Harriak Hitz' ibilbidea norbere kabuz egiteko aukera eskainiko du app berri honek.

Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da, baita euskal sorkuntzarekin konprometitutakoa.Inon baino hobeto islatzen da 60. hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultur eztanda eta bere ondorena. Altxor ezkutu horiek ezagutarazteko, Harriak Hitz ibilbidea antolatu zen duela hilabete batzuk, eta bertan Dema Plaza, Udarregi bertsolaria, Zumeta, Mikel Laboa edota Tapia eta Artze anaiak barnebiltzen dira. Orain,berriz, beste aurrerapauso bat da.

Ibilbidean bisitatzen diren puntuetan QR kodeak ezarri ditu udalak, eta 'Adi Usurbil' aplikazioaren bitartez kode horiek irakurri eta ibilbidearen ezaugarri eta informazio guztia jasoko da puntuz puntu. Modu horretan, noizean behin egiten diren bisita gidatuez gain, nahi duen edonork aplikazio dohain jaitsi eta bere kabuz egin ahalko du ibilbidea.

“Goazen kalera” ekimena

Herriko nagusienen edota dibertsitate funtzionala duten usurbildarren osasuna zaindu asmoz, Usurbilgo Udalak, beste eragile batzuekin batera, 'Goazen Kalera' ekimena martxan jarri du bigarren urtez. Ekimen horren bitartez, herritik zehar joango diren ibilbide ezberdinak planteatuko dira, ohitura osasuntsuak bultzatuz. Horretarako, asteazkenero, 11:00etan, Artzabalen izango dute hitzordua partehartzaileek.

Lehen ibilaldia urriaren 4ean egin dute antolatzaileek, eta 2018ko ekainean bukatuko da. Nahiz eta edonork duen ibilaldi horietan parte hartzeko aukera, bereziki adineko pertsonentzat eta dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat bideratu da ekimena. Horretarako, herrigunetik lau ibilbide zehaztu dituzte antolatzaileek, eta astero bat egingo dute. Horrez gain, asteazkenero ibilbideak egiten dituzten heinean, zigilu batekin partehartzaileen txartel propioak markatuko dira.

Astero, ibilbidea bukatu ondoren, mokadutxo bat jateko aukera egongo da Artzabalen bertan. Eguraldi txarra eginez gero, partehartzaileak Artzabalen bertan geratuko dira, gorputza eta osasuna zaintzeko ariketak eginez.

Fotos

Vídeos