Urola Kostako Euskararen lehen ginkana abian

Aurkezpena. Udaletako ordezkariak, Euskara Zerbitzuetakoak eta gazteak aurkezpenean. / ETXEBERRIA

Ginkana taldeka jokatuko da eta guztira 1.000 euro banatuko dira saritan

DV ORIO.

Urola Kostako Euskararen Ginkanaren lehen edizioa aurkeztu zen atzo goizean Orioko kultur etxean. Hainbat erakunderen artean antolatutako ekimena da (Kutxa Ekogunea, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udaletako Gaztelekuak eta Euskara Zerbitzuak, Urola Kostako Udal Elkartea eta Euskaltzaleen Topagunea) helburu argi bat duena, 15-16 urteko gazteak euskararekin eta euskaraz dibertitzea.

«Gure bailaran gazteek eskolan euskaraz ikasten dute eta euskarari buruzko gaiak ere lantzen dituzte. Baina, eskola, eskola da. Horrexegatik, euskarari buruz gogoeta eginarazi nahi diegu, baina lehian, jolasean», zioen atzo Udal Elkarteko Xabier Urdangarinek. «Bost herrietako gazteak jarri nahi ditugu harremanetan, lehia sanoan, hain naturala zaien hizkuntzari buruz gogoeta egin dezaten, hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik».

Kutxa Ekoguneak 2011n antolatu zuen lehenengoz Euskal Herriko euskararen ginkana, euskaraz eta euskararekin jolas egiteko ekimena. «Aurten, ginkana gure bailarara ekarri nahi izan dugu, Urola Kostako Euskararen Ginkanaren lehen edizioa antolatuz».

Taldeka jokatuko da

Ginkana taldeka jokatuko da, lauko taldeak osatu beharko direlarik. Guztira 4 proba egin beharko dira on-line (astean bat) eta puntu gehien lortzen duten lau taldeek finala jokatuko dute Zarautzen, aurrez aurre, abenduaren 2an. Guztira 1.000 euro banatuko dira saritan. Finalaren ondoren festa egingo da, bailarako gaztelekuetako gazteen-tzat (DJa, musika, askaria...).

Izena on-line eman behar da, hilaren 19a baino lehen, www.euskararenginkana.eus helbidean.

Fotos

Vídeos