Uren banaketaren lanak amaitu dira

Elkarlana. Nika Lertxundi, Jose Ignacio Asensio, diputatua, eta Josetxo Saizar, Ur Kontsortzioa. / AMAXKAR

Udalak azpimarratu du lau erakunderen arteko lankidetzaren ondorioz egin direla lan hauek

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Azken hamarkadatan, herrian izan den erronka handienetakoa izan da amaitu berri den lanketa hau, euri urak eta ur zikinak banatu eta itsasora isurtzea, garbiak zuzenean eta zikinak araztegian tratatuak izan ondoren. Ingurumenari dagokionez garrantzi handia izan dute lanak, hainbat urtetan herriko uren zati handi bat ondo bereiztu gabe isuri da itsasora, eta horrek, noski, eragin kaltegarria izan du ingurumenean.

Aurrez herriaren Alde Zaharreko eta Alde Berriko urak ondo berezita zeuden, oro har. Errepide nazionalaren azpiko banaketa-lanak, ordea, egiteke zeuden eta beraz, Alde Berritik behera zetozen urak nahasi egiten ziren errepidearen azpian. Horrenbestez, ura nahasita jaisten zen Alde Zaharrean behera, araztegiraino eta handik itsasora isurtzen zen.

Euri askoko egunetan edo bat-bateko euri-jasa handietan, agerikoa izan da Artzapetik hasi eta kale Nagusian gora nahasitako urek gainezka egiten zutela. Hoditeria ondo berezi gabe izatean, araztegia buxatu egiten zen, ezin izaten baitzuen gehiegizko ur kantitatea behar bezala kudeatu. Urteak pasatu ahala, Getaria, eta batez ere, Alde Berria hazten joan dira eta horrek, bideratutako ur kantitatea handitu den neurrian, are gehiago larritu da arazoa.

Konponbidearen hasiera

Arazoaren jakitun, beharrezko ikusi zen errepide nazionalaren azpiko uren banaketa egitea. Horrez gain, errepide parean biltzen zen ur garbi guztiarentzat beste irtenbide bat bilatu beharra zegoen.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak eta Getariako Udalak egoera hura konpontzeko zer irtenbide zeuden aztertu zuten, eta hiru aukeraren artean, egungoa lehenetsi zen. Merkeena ez izan arren, teknikoki konponbide egokiena zela iritzi zen.

Lehen urratsaren ondoren, Diputazioko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen departamentuak proiektua idatzi zuen, bai eta obraren aurrekontua zehaztu ere.

Proiektua Eusko Jaurlaritzan (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila - Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza) aurkeztu zen, eta Itxaspen programaren baitan, diru-laguntza garrantzitsua lortu zuen Getariak (254.795,71 euro). Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamenduaren laguntza ere jaso zen, Agenda 21eko programaren baitan, 27.000 euroko laguntza, zehazki.

Lanen hasiera

Bigarren Faseko lanak 2015eko azaroan hasi ziren. Azken hiru urte hauek ez dira errazak izan, lanek erabat baldintzatu baitituzte zirkulazioa eta pertsonen mugikortasuna. Errepidea itxi, zirkulazioa moldatu eta oinezkoentzat igarobideak jarri behar izan dira, besteak beste, lanek eragindako gune bakoitzean..

Teknikoki ere zailtasun handiak izan dira, batez ere, zulatutako lekuetan askotariko zerbitzuak biltzen zirelako, eta horrek, konplexutasun handia izanik, arriskua eragin zezakeelako.

Udalaren esanetan, «ezinbestekoa zaigu lanak burutu dituzten Alzola eta Otegi Gaztañaga enpresek erakutsi duten elkarlanerako ahalegina eskertzea».

Hiru urtez lanean jardun ostean, 2017ko urtarrilean amaitu ziren lanak. Ondorengo datuak azaltzen dute egindako lanaren neurria, euri-urak bideratzeko 428 metro hodi jarri dira, saneamendurako beste 69 metro hodi eta hornikuntzarako 250 metro hodi.

Datu ekonomikoak

Egin diren lan guztiek 640.000 euroko kostua izan dute guztira. Lan horietako batzuk Gipuzkoako Ur Kontsortzioak ur-horniduran eta saneamenduan egindako hobekuntzei dagozkie (175.000 euro). Eusko Jaurlaritzak 250.000 euroko diru-laguntza eman du. Gipuzkoako Foru Aldundiak 22.000 euroko laguntza eman du. Horrez gain bere gain hartu ditu proiektua idaztearen kostua eta obra zuzendaritzarren kostua. Azkenik, Getariakko Udalak 191.300 euro jarri ditu lan hauek egiteko.

Balorazio orokorra

Lan hauek amaituta, «esan dezakegu, aurrerantzean, Getariako uren % 80a banatuta isuriko ditugula itsasora, ur garbiak zuzenean eta ur zikinak araztegitik pasata», aurreratu du Udalak.

«Etorkizunari begira, sekulako garrantzia du lan hauek egoki eginda izateak. Arlo honekin lotuta daude, halaber, Igarategi Industriguneko urak herriko sare nagusira bideratzeko egindako lanak, Lormendi aldapatik hasi eta Erruera kaleraino egindako banaketa lanak eta portu guztiko urak herriko sarera lotzeko egindakoak» gogoratu dute.

Bukatzeko aurrera begira jarri da Udala eta honela ikusten du etorkizuna gai honen inguruan, «aurrera begira, lan hauek soilik daude egiteke; Malkorbeko pasealekuko etxeen inguruko lanak, eta Makibar eremuko zenbait zati banatzeko lanak. Udalak, dagoeneko, nahiko aurreratuta ditu bi proiektu hauek, eta datozen urtetan egingarri ikusten ditugu horiek ere. Horri esker, herriko uren banaketa-tasa % 90ekoa edo handiagoa izatea espero dugu (landa eremuak kanpo). Europa osoan, herri gutxik lortzen dute ehuneko hori», adieraziz amaitu du Udalak azalpena.

Aste honetan inaugurazio ekitaldi bat ere egin da. Lanak aurrera ateratzeko parte hartu duten eragile ezberdinak elkartu eta Udalak jarri duten gogo eta nahia azpimarratu zituen, Getariako herriaren esker ona adieraziz. Plaka txiki bat ere jarri zuten Gaztetape gaineko begiratoki berrian.

Fotos

Vídeos