Urdaneta nagusi auzoen arteko apustuan

Aiako sei auzoetako gazteek hartu zuten parte atzo eguerdian frontoian jokatu zen herri kirol jaialdian. Jende ugari inguratu zen bertara.
Aiako sei auzoetako gazteek hartu zuten parte atzo eguerdian frontoian jokatu zen herri kirol jaialdian. Jende ugari inguratu zen bertara.

DV AIA.

Urdanetako taldea nagusitu zen atzo jokatutako auzoen arteko herri kirol jaialdian. Urdanetako taldeak 6 minutu eta 41 segundutan amaitu zuen berea; 2.- Iturriotz, 6:53; 3.-Australia (hango gazte talde batek ere parte hartu zuen), 6:57; 4.- Aia kaskoa, 7:07; 5.- Santio, 7:35, eta 6. Andatza, 7:47. Jende ugari inguratu zen frontoira apustua ikustera. Aurretik, beste apustu bat jokatu zen, Andatzatik Aiako plazara, Iosu Larrarte bizikletan eta Hodei Alkorta korrika. Biak paretsu ibili ziren, izan ere Iosu Larrartek hiru kilometroak 14:35 denboran egin zituen eta Hodei Alkortak segundu bakar bat gehiago behar izan zuen.

Gaur eta biharko egitaraua

Aiako San Donato eta San Lorentzo jaiek aurrera darraite, Gaur, goizeko 9:30etik 11:00etara, Aiako Bolo Txapelketa jokatuko da federatu eta herritarrentzat. Arratsaldeko 17:00etan trikitilari txapelketa jokatuko da. Jaiei hasiera emateko txupinazoa 19:30ean jaurtiko da, eta jarraian, kalejira herriko kaleetan buruhandi eta trikitilariekin. Gau partean, 21:30ean hasita, herri afaria Izer, Alabier eta Lutxurdiok alaituta.

Bihar, astelehena, San Donato Eguna, goizeko 11.00tan meza nagusia eta XXXIX. Pilota Txapelketaren finalak jokatuko dira; 16:00tan, Mus Txapelketa, eskola berriko jangelan; 17:30ean, zumba maratoi herrikoia eta garagard o dastaketa plazako txoznan. Ondoren, kalejira buruhandi eta trikitilariekin eta eguna bukatzeko, 22:30ean, bertso jaialdia, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran, Iker Zubeldia, Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin, Anjel Mari Peñagarikano gai jartze lanetan izango dutelarik. Gauerditik aurrera berriz, Fan & Go talde zarauztarrarekin, erromeria.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos