Udarregi ikastolako ikasleak Gabon kantak abestera irtengo dira gaur

Haur Eskolako haurrak bihar etorriko dira frontoira Olentzero  eta Mari Dominginekin. /  J.A.
Haur Eskolako haurrak bihar etorriko dira frontoira Olentzero eta Mari Dominginekin. / J.A.

DBH, LH eta HHko ikasle guztiak arituko dira abesten goizetik eguerdira arte, gaur eta bihar

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Udarregi ikastolako DBHko, LHko eta HHko ikasle-irakasle guztiak Gabon kantak abestera kaleratuko dira gaur Santo Tomas egunez. Goizetik eguerdira bitartean kantu-kantari arituko dira. Baserritar jantziak jarrita Gabon abestiak kantatzera irtengo dira oporrak hartzen dituzten egun berean.

Ordutegiak

DBHko eta LHko ikasle-irakasle guztiak 9:30etik 10:50etara ibiliko dira kantari ikastolaren eraikin berritik abiatuta eta HHko haurrak, berriz, irakasle eta gurasoekin batera, goizeko 11:25ean abiatuko dira ohitura zaharrak eutsiz.

Lehen Hezkuntzako ikasleak Agerialdetik ikastola gorrira joango dira, Haur Eskolara ondoren eta Kalezarko plazan egingo dute geldialdia. Eroskiko biribilgunera jaitsi eta Zubiaurrenea kaletik Bordatxo aurreko errotondan geldialdia egingo dute, berriz ere ikastolara itzultzeko.

DBHko ikasleei dagokionez, beste ibilbide bat izango dute: eraikin gorritik Mikel Laboa plazara joango dira lehendabizi, ondoren Eguzkitzaldeako plazara, handik Artzabala eta bueltan berriz ere ikastolara.

Haur Hezkuntzako haurrak gurasoekin batera, 11:25ak aldera abiatuko dira Ageri-aldeko eraikuntzatik frontoi aldera. Lehen geldiunea ikastolaren aurrean egingo dute, ondoren, errotondan Olentzeroren aurrean, eta azken geldiunea frontoian izango da. Bertan, ikasitako gabon kanta guztiak gerturatzen direnek batera abestuko dituzte.

Hiru taldeek Gabon kantak abestuko dituzte herriko kale desberdinetan. Gabonen atarian ohikoa izaten den bezala, 'Oilarra kanta kantari', 'Olentzeroren abestiak', 'Mendi aldetik datoz', 'Alaken', 'Hator Hator', 'Txamarra txartxo bat' edo 'Din Dan Don' izango dira besteak beste, Udarregi ikastolako ikasleek eskainiko dituzten abestiak.

Bihar

Haur Eskolakoek, berriz, bihar arratsaldeko 16:45etan Haur Eskolako patioan, haur, guraso, familia, langile eta nahi duen orok Olentzero, Mari Domingi eta Napoleon astoari ongietorria egingo diete.

Ondoren, 2-3 urteko haurrak Olentzero eta Mari Domingirekin egongo dira beraien gelan guraso eta hezitzaileekin.

Jarraian guztiak patioan elkartu eta ibilbideari hasiera emango diote, kalejiran joanaz herriko kaleetan zehar herriko frontoiraino (arratsaldeko 18:15etaik 18:30era). Bertan, 2-3 urteko gurasoek antolaturiko merienda goxoa egongo da Haur Eskolako haurrentzat.

Gainontzekoentzat, aldiz, guraso eta hezitzaileek eramandako patata-tortilla eta txistorraz betetako ogitartekoak egongo dira salgai, Urdairako sagardoa ere dastatzeko aukera izango da.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos