Udalaren ordezkariak Madrilgo Fitur azokan herria eta inguruneak 'saltzen'

Madrilen. Eugenio Cotado, Lourdes Salsamendi eta Jose Angel Zaldua, Orioko alkatea, atzo eguerdian Fitur azokan. / DV
Madrilen. Eugenio Cotado, Lourdes Salsamendi eta Jose Angel Zaldua, Orioko alkatea, atzo eguerdian Fitur azokan. / DV

Oriaren itsasadarrak turista eta bisitarientzat eskaintzen dituen aukeren berri eman zuten Turismo azoka garrantzitsu honetan

DV ORIO.

Orioko Udalaren hiru ordezkari atzo, Madrilen urtero egiten den Fitur azokan (Feria Internacional de Turismo) izan ziren, Oriaren itsasadarrak turista eta bisitarientzat eskaintzen dituen aukeren berri ematen. Bi zinegotzi eta alkateak bidaiatu zuten Fitur-era, Euskadi Basque Country stand-ean, Orioko Udalaren ordezkari izateko: Eugenio Cotado, kirol batzordearen buruak; Lourdes Salsamendi, kultura eta turismo batzordearen buruak eta Jose Angel Zaldua alkateak.

Oria ibaiak ematen dituen aukerak azaltzeaz gain, Udalak aurtengo traineru jaitsiera eta Bisiguaren eguna aurkeztu zituen. Orioko traineru jaitsierari Neguko Estropada esaten diote klubek. Aurtengoa 24. edizioa izango da eta otsailaren 17an jokatuko da, larunbatarekin, 16:00etan hasita. Aurten lehenbiziko aldiz, gainera, Neguko Estropada jokatzen den asteburuan arraunaren eta piraguaren azoka egingo da Arraunetxean, nahi duten guztien-tzat zabalik.

Bisiguaren eguna, bestalde, uztaileko hirugarren asteburuan ospatzen da beti eta aurten 11. edizioa egingo da uztailaren 12tik 15era.

Neguko Estropada

Neguko Estropada aurkezterakoan, mezu hau zabaldu zuten atzokoan Fitur-en Orioko ordezkariek: «Orioko Arraun Elkarte Olinpikoa 1965ean sortu zen, baina 86 urte lehenago hasi ziren oriotarrak estropadetan lehian. Urte horietan guztietan garaipen ugari lortu dituzte: 209 txapelketa, 359 bandera, Espainiako txapelketetako 195 domina... Garaipen horiei eta arraunaren inguruan herrian sortu den filosofiari zor zaio askorentzat Orio 'arraunaren sehaska' gisa ezaguna izatea».

«Testuinguru horretan kokatu behar dira 1995etik antolatu izan ditugun Neguko Estropadak. Azken urteetan indarra hartzen joan da estropada, eta Euskal Herriko eta Espainiako klub garrantzitsuenek parte hartzen dute (Galiziakoek, Kataluniakoek, Valentziakoek...); 80 traineru eta 1.200 arraunlari inguru biltzen ditu ekimenak Orioko Arraunetxearen babespean. Aurtengoan beste horrenbeste izango da hilabete bat barru, egun berezia dudarik gabe».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos