Udalak utzitako Rafael Munoaren marrazkiekin erakusketa Untzi Museoan

Erakusketaren kartela Rafael Munoaren marrazki batekin./
Erakusketaren kartela Rafael Munoaren marrazki batekin.

J.M. ZUBIAURRE GETARIA.

Untzi Museoak Rafael Munoa artista donostiarraren inguruko erakusketa garatu du eta ikusgai dago. 1763an Getaria eta Zarautz arteko uretan gertatutako bi baleen harrapaketa irudikatu zuen artistak 9 horma-irudi piktorikoren bidez, eta horixe jasoko du erakusketak.

Espresionismotik abiatuta kolorearen erabileran, eta irudien dinamismoari eta emozio eta sentimenduak transmititzeko duen gaitasunari esker, balearen arrantzako egiazko eszena baten barruan kokatzen du ikuslea Munoak.

Obrak Getariako Udalaren jabetzakoak dira eta gertaera historiko horren bigarren mendeurrena zela-eta egin ziren, gertaera horrek bi herrien eskifaien arteko auzi latz bat ere eragin zuela ahaztu gabe.Udaletxeko garbiketa lanak egiten ziren bitartean azaldu ziren artista honen lanak eta une honetan Getaria eta Juan Sebastian Elkano getariar nabigatzailea protagonista ditugunez Donostiako Untzi museoan bertara eraman eta jendaurrean jarri dira.

Bertaratzean Munoaren marrazkiak ikusteaz gain, otsailak 18a bitartean, 'Elkano, bere oroimena berreskuratuz. 1921eko monumentuaren proiektua' izenburua daraman erakusketa bisitatu daiteke. 1920an Lehen Mundu Biraren IV. Mendeurrenaren Batzarrak lehiaketa bat antolatu zuen, Getariako San Anton mendiaren tontorrean monumentu handi bat eraikitzeko asmoarekin. Miguel Martín Fernández de la Torrek irabazi zuen baina ez zen inoiz eraiki. Proiektu horren 13 plano eta figurazioen bilduma erakusten da eta, bertan, estilo erregionalistako modelo arkitektonikoak agertzen dira.

Kontutan izan baita, 'Elkano, IV. Mendeurrenaren legatua' erakusketa ikus daitekeela Donostiako Untzi Museoan aurreko beste biekin batera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos