Udal langileek mozio bat aurkeztu dute argiteria publikoa pribatizatzearen aurka

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Zestoako Udal Gobernuak argiteria publikoa pribatizatu nahi du. Gaia osteguneko plenoan, 20.00etan, aztertu eta erabakiko da. «Zestoako udal langileok oso kezkatuta gaude eta ez gaude ados Udalak hartu nahi duen erabakiarekin» diote eta ondorioz erabaki honen aurkako mozioa aurkeztu dute, baita ere osteguneko udalbatzan eztabaidatuko dena. Udal langileek ia bere osotasunean aurkeztu duten mozioak honela dio, laburtuta bada ere: «Zestoako Udal Gobernuak argiteria publikoa pribatizatu nahi du, argindar kontsumoa nabarmen jaitsiko duen sistema ezarriz. Horretarako LED sistemako 932 farola jarri beharko dira eta 28 koadro elektriko egokitu, Rener enpresak egindako auditoriaren arabera. Hirigintza batzordean eta hainbat Gobernu Batzordetan aztertu den alternatibak berrikuntza horiek guztiak eta zerbitzuaren gestioa enpresa pribatu bati 10 urtez esleitzea dakartza eta Zestoako udal langileok ez gaude horrekin ados» diote.

Hauek dira, laburtuta bada, hauen jarreraren arrazoi batzuk: Batetik «Rener enpresak egindako auditoriaren datuak ez dira fidagarriak» salatzen dute, bertan azaltzen diren prezioak ez baitira errealak edo zentzudunak; Bestetik « Herri azpiegiturak ere herri ondarea dira. Hortaz, aberastasuna sortzen badute, herriaren onurako izan behar du, herriak dituen beharretan inbertitzeko eta ez enpresa pribatuen onurarako « diote. Horrez gain Udalak ezingo dituela kontrolatu 10 urtetan zein enpresarekin egiten den argindar hornikuntzaren kontratua, ezta prezioa ere diote, ezta zeintzuk diren langileen kontratazio baldintzak edo eta erabilitako materialen kalitatea. Europako edozein enpresak eskuratu bai dezake kontratazio hau.

Arrazoi hauek -eta beste zenbait tarteko- Zestoako udal langileek pribatizazio hau gelditzeko eskatu diote udalari, eta Udal langile eta teknikariekin gaia aztertu eta plangintza bat osatzea, azterketa serio bat eginez pribatizazioa ez dakarren finantzazio bideak bilatuz eta lanpostu publikoak mantenduz.

Fotos

Vídeos