Txartelak salgai hilaren 13tik 16ra ospatuko den Bisiguaren Festarako

Aurkezpena. Aurtengo Bisigu Festaren aurkezpena atzo egin zen.
Aurkezpena. Aurtengo Bisigu Festaren aurkezpena atzo egin zen.

DV ORIO.

Orioko Udalak atzo eguerdian aurkeztu zuen aurtengo Bisiguaren Festa, Donostiako Nautikoan. Agerraldian Jose Angel Zaldua Orioko alkateak; Lourdes Salsamendi,Turismo eta Kultura zinegotziak; Eneko Goia, Donostiako alkateak; eta festan bisigua erretzeaz arduratuko diren hiru parrileroak, Joxe Miel Zendoia, Luis Mari Uranga eta Mikel Manterolak hartu zuten parte. Horrez gain, Merkataritza ba-tzordeko buru, Elixabete Bello, eta Jose Angel Iparragirre eta Ana Priede zinegotziak ere han ziren.

Udalak eskerrak eman dizkie Nautikoko arduradunei, aurkezpenerako beren instalazioak erabiltzen uzteagatik.

Aurtengoarekin hamar aldiz antolatu du Orioko Udalak Bisiguaren Festa. Beti bezala, Herriko Plaza izango da festaren gunea, bertan egingo direlako otorduak, plazako kioskoa jatetxe handi bihurtuta. Otordu bakoitzean 200 lagunetik gora mahaikide izango dira. Bost otordu egingo dira: ostegun eta ostiraleko afaria, larunbateko bazkaria eta afaria, eta igandeko bazkaria. Guztira, hortaz, 1.000 otordutik gora zerbitzatuko dira eta 500etik gora bisigu basati erreko dituzte zortzi metro luzeko parrila erraldoian,uztailaren 13tik 16ra egingo den festa honetan, ostegunetik igandera

Txartelak dagoeneko salgai daude Orioko Turismo Bulegoan. 1.000 txartel jarriko dira salgai, 55 euroan. Txartelen erreserba 943 835 565 telefono zenbakian egin behar da, 10.00etatik 13.00ak arte eta 16.00etatik 18.00ak arte.

Aurreko edizioan hasitako ekimenarekin jarraituz, aurten ere, Bisiguaren Laguna oroigarriak banatuko dira inaugurazio ekitaldian, uztailaren 13an, 20.00etan. Esnal ostatuko Eugeni eta Mari Cruz ahizpak omenduko ditu Udalak, alde batetik, eta Koteto Ezkurra erremontista, bestetik.

Esan bezala, aurkezpen ekitaldia osteguna 13an egingo da, Pello eta Nikolasak eta Harribil dantza taldeak parte hartuko dutelarik. Pintxo txikiteoaren inaugurazioarekin batera, parrileroek plaza inauguratuko dute; segidan omenaldiak, Petritegi sagardoaren dastatzea, eta lehen afaria, 21.00etatik aurrera. Beraz, txartelak hartzeko, mugi.

Fotos

Vídeos