Txakur jabeei zuzendutako neurriak

Kartelak. Dagoeneko jarrita daude ikus daitekeen bezala. /  AMAXKAR
Kartelak. Dagoeneko jarrita daude ikus daitekeen bezala. / AMAXKAR

Hainbat ekinbide dituen kanpaina jarriko du abian Getariako Udalak

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Azken urteetan, asko ugaritu da etxeko animaliak izateko joera eta animalia horien artean, txakurrek izan dute hazkunderik handiena. Errealitate horrek, ordea, zenbait kexa eragin ditu herritarren artean, eta hainbat eragozpen sortu dituzte getariarren egunerokoan.

Udalaren esanetan «herritarrek ia egunero adierazten digute gai horrekin lotutako kexaren bat, eta herritarren eskaerak entzuteko jarri ditugun bideetan, Guztiok parte-hartze prozesua kasu, behin eta berriz ateratzen da gaia. Txakur-gorotzak espaloietan, plazetan, berdeguneetan, haur parkeetan, bide publikoetan, establezimendu atarietan, eraikin publikoen sarbideetan azaltzen dira; lotu gabeko txakurrak jende asko ibiltzen den edo haurrak dauden lekuetan; txakur arriskutsuak inolako babesik gabe...».

Egunerokoan, adibide ugari ikusten dira. Animalia bat etxean hartzen duen orok derrigorrezkoa du denok elkarbanatzen dugun espazioa zaintzea eta pertsonen eguneroko bizitza errespetatzea. Gizarteko gutxieneko elkarbizitza-arauak errespetatu behar dira, baita horrelako gai batean ere. Hori guztia dela eta, Udaletik ezinbestekoa ikusi dute egoera gehiago okertu aurretik neurriak hartzea.

Horregatik, hainbat ekinbide biltzen dituen kanpaina abiatuko du Udalak. Alde batetik, animaliak eduki eta babestea arautzen duen Ordenantza berritu eta eguneratzeko asmoa dago, txakurrak debekaturik dituzten eremuak finkatu, uhalak erabiltzera eta gorotzak jasotzera behartu, txakur arriskutsuen zerrenda berritu, arau-husteak eta isunak eguneratu, erroldatze prozedura finkatu eta orokorrean elkarbizitzarako beharrezkoak izan diren neurriak jasoko ditu. Bestetik, Ordenantza honen ardatz nagusiak azaltzen dituen oharra etxez etxe banatuko da. Eta azkenik, herriko hainbat lekutan, informazio-kartelak jarriko dira. Kartelak bi motakoak izango dira. Batzuk, txakur-gorotzak jaso eta txakurra lotuta eraman behar dela gogorarazten dutenak izango dira. Besteak berriz, txakurrak aske ibiltzea zer lekutan dagoen debekatuta adierazten dituztenak izango dira. Azken horiek, batez ere, haur-parkeetan jarriko dira. Udalak gogora arazten du Ordenantzak behin behinean onartzen direnean herritarrek ekarpenak egiteko aukera izango dutela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos