12 tonatik gorako ibilgailuek debekatuta dute Txokoaldeko zubitik pasatzea

JOSU ARANBERRI USURBIL.

12 tona edo gehiagoko ibilgailu astunek ezin dute Txokoaldeko zubitik igaro pasa den ostiralaz geroztik. Erabaki hori hartu du Udalak, ingenieritza-bulego batek, Udalaren enkarguz, egin berri duen txosten tekniko batean oinarrituz. Azterketa horren arabera, zubiari eusten dioten zutabeak egoera onean daude. Oria ibaiaren korronte edota uholdeek ez diote eragin.

Haatik, gaineko zolua kaltetuta dago, eta, segurtasuna bermatu ahal izateko, tona handiko kamioiei pasabidea galarazi zaie. Debeku hori adierazten duen hiru seinale jarri zituzten udaltzainek atzo goizean bertan: bi seinale zubiaren alde bakoitzean, eta, bestea, gasolindegi parean, aldapa hasieran, hain zuzen ere.

Debeku horrek Berriolari ez diola kalterik eragingo ziurtatu du enpresak. Aitzitik, hondakinak biltzen dituzten kamioiei eragingo die, 12 tona baino gehiagokoak direlako, eta horrek ibilbidea aldatzea ekarriko du.

Horrez gain, zubiaren egoera aztertzearekin batera, zubia eraberritzeko proiektua ere egin du ingenieritza-bulego horrek, udalaren eskariz. Hala, zubia konpontzeko proiektu-zirriborro bat du dagoeneko Udalak.

Berdintasuna Erein

Bestalde, Berdintasuna Erein gunea sortuko du Udalak, parekidetasunaz hausnartu eta erabaki nahi duten herritarrekin. Badira hilabete batzuk 2017-2020 epealdirako Usurbilgo Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II. Plana abian jarri zuenetik Usurbilgo Udalak, eta udal gobernuaren ustez, garrantzitsua da orain arte egin duen bidearen gaineko balantzea egitea, baita aurrera begirako lehentasunak eta zereginak zehaztea ere. Auto-txekeo ariketa bat egitea, azken batean. Ariketa kolektibo bat.

Orain arteko bidea herritarrekin batera egin du udalak, eta hemendik aurrerakoa ere hala egin nahiko luke. Izan ere, Josune Estella Parekidetasunerako zinegotziaren ustez, ezinbestekoa da Udalaren eta herri eragileen arteko elkarlana, izan talde feminista izan gaiarekiko sentsibilizatuta dauden herritarren artekoa: «Horretan sakondu nahi dugu, herrian berdintasunaren alde eragiten jarraitzeko». Horretarako, mahai bat eratzea ezinbestekotzat jo du. Hain zuzen, horixe bera aurreikusten du II. Planak. Mahai edo gune horri Berdintasuna Erein izena jarri zaio.

Estreinako bilera hori abenduaren 13an izango da, 18:00etan, Potxoenean. Lehen bilera horretan gune horren egitekoaz, helburuaz, zereginaz, funtzionamenduaz eta halako aspektu teknikoez aritzeaz gainera, II. Planaren gaineko balantzea ere egingo da. Ez da gune itxia, eta nahi duen orok du horretan parte hartzeko aukera, edozein delarik ere taldearen izaera edota norbanako gisa.

Josune Estellak mezu bat bidali nahi izan du: «Erein dezagun hazia, inoiz benetako berdintasuna lora dadin».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos