XIV. San Silbestre lasterketak bihar eguerdian bost proba izango ditu

Pozaren pozez. Irudi honek erakusten du zer nolako lasterketa den igandekoa, festa girokoa. /  AMAXKAR
Pozaren pozez. Irudi honek erakusten du zer nolako lasterketa den igandekoa, festa girokoa. / AMAXKAR

Adinaren arabera banatuta irteten joango dira elizatik eta luzerak ere ezberdinak izango dituzte denak

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Urte amaiera kirola eginaz amaitzeko aukera paregabea izango dute aurten ere getariarrak Kirolgune eta Udalaren eskutik. San Silbestre lasterketaren XIV. edizioa beteko da igande honetan eta bost maila ezberdinetan banatuta lehiatuko dute korrikalariak.

Urtezahar eguna ospatzeko kirol proba honek herria girotzen du, ba-tzuk lehiakor ateratzen dira baina asko ondo pasa eta izerdi pixka bat botatzeko asmo soila besterik ez dute izaten. Mozorrotuta ateratzen direnak ere ikusten dira tartean. Ikusleen artean ere animoak ematera jende asko hurbiltzea espero da eta hauen artean ere mozorrotuta edo gabon giroko apaingarriak soinean eramatera animatzen zaie.

Lasterketak banan bana

Lehendabizi, eguerdiko 12:00etan benjamin aurrekoak (6 eta 7 urteko neska-mutilak) aterako dira eliza aurretik. Bete beharreko ibilbidea 200 metrokoa izango da, plazan amaituz kale Nagusia igo ondoren. Jarraian benjaminen txanda helduko da (8 eta 9 urtekoak). 700 metro bete behar dituzte, elizatik kale Nagusia igo eta Elkano kaletik jaitsi ondoren berriz igoko dira frontoira.

Alebinen txanda etorriko da gero. 10 eta 11 urteko korrikalariek parte hartuko dute bertan eta 1.250 metroko ibilbidea burutuko dute. Elizan irten eta benjaminek egindako itzulia bi aldiz osatuko dute, frontoian amaitzeko. Antolaketak herritar gaztetxoak animatzen ditu parte hartzera, egin beharreko lana ez da batere gogorra eta festa giroan egin dezakete arazo gehiegirik gabe.

Infantil eta kadeteak, hau da, 12 eta 15 urte bitarteko partaideak 1.750 metro burutuko dituzte. Elizan irten eta ohiko lehen itzulia bete ondoren, Katukalera jo behar dute, jaitsi, Artzapetik moilara, Astillero, Txoritonpe eta Artzape zeharkatu eta kale Nagusitik igoko dira frontoiko helmugara heldu bitartean.

San Silbestreko hamalaugarren edizioa bukatzeko, helduen proba ospatuko da. Adinari dagokionez 16 urtetik gora edonork har dezake parte eta 3.300 metroko saioa egiteko prestakuntza berezirik behar ez denez animatu zaitezte, urteari amaiera egokia emateko modua izan daiteke. Hauen ibilbidea aurreko bi itzuliak bi aldiz eginaz osatuko da.

Korrika egiteko asmorik ez baina antolakuntzan lagundu nahi izanez gero udaletxean jakinarazi besterik ez dute nahi dutenak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos