Sentsibilizazio kanpaina hondakin bilketaren inguruan herriz herri

Sistema berria. Edukiontziak. /
Sistema berria. Edukiontziak.

Kanpainaren helburua herritarren kezkak eta zalantzak argitzea da

J.M. ZUBIAURRE GETARIA.

Hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik bi hilabete pasa direnean, Urola Kosta Udal Elkarteak herriz herriko sentsibilizazio kanpaina bat abiaraziko du datorren astetik aurrera herritarren kezkak eta zalantzak argitzeko, eta ondorioz, sailkatze portzentajeak igotzeko.

Urola Kosta Udal Elkartetik jakinarazi dutenez, momentuz ez daude datu fidagarriak eskaintzeko tenorean. Hori bai, hasiera «gorabeheratsu» baten ondoren, «zerbitzua egonkortzen» ari dela eta joera goranzkoa dela azpimarratu dute. Era berean, herritarrak egiten ari diren «esfortzua eta saiakera» txalotu nahi dute.

Saiakerak saiakera, sailkatze portzentajeak hobetzen jarrai-tzeko beharra azaldu dute eta horretarako herritarren eskura baliabideak jarriko dituztela iragarri dute. Hor kokatzen da datorren astean hasiko den eta bost udalerrietara bideratuko den sentsibilizazio kanpaina. Hiru ekimen prestatu dituzte: kalez kaleko sentsibilizazioa, hitzaldi irekiak eta kolektibo ezberdinentzako tailerrak.

Kalez kale sentsibilizatzen

Ingurumen hezitzaileak gerturatuko dira udalerrietara, goizez (8:30-12:00) eta arratsaldez (17:00-20:00). Edukiontziak dauden puntuetan izango dira, eta bisita hauekin herritarren kezkak eta zalantzak argitu nahi dituzte zaborrak sailkatzera doazen une berean.

Bisita egutegia zehaztuta dago eta Getarian, apirilaren 11tik 14ra egingo dira, hau da, datorren astean.

Hitzaldi irekiak

Udalerri bakoitzean lau hitzaldi ematea aurreikusi dute, eta kasu honetan ere, herritarren zalan-tzak argitzea da helburua. Hitzaldi horietan hondakin ezberdinak nola sailkatu landuko da, oinarrizko ezagutza guztiok dugun arren gai konkretuekin zalantzak sortzea ohikoa baita, era berean, ongi edo gaizki bereizteak izan ditzaken ondorioez hitz egingo da.

Kolektiboen tailerrak

Badira kolektibo bereziak, ez aparteko garrantzia daukatelako, euren jardunak etxeetan baino zabor gehiago sortzen duelako baizik. Merkatariak, ostalariak edota industriak, esate baterako. Kolektibo hauei bideratutako tailerrak antolatu dira. Bi orduko iraupena izango dute, eta apirilaren 11n egingo da lehenengoa, 15:00etan, Getariako Ulpiano Etxean, ostalari eta merkatariekin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos