Sega ikuskizuna ospatuko da igandean, Lau Iturriko zelai inguruan

Pardo herritarra denboraldi bikaina ari da osatzen.
Pardo herritarra denboraldi bikaina ari da osatzen. / K.A.

Euskal Herriko sega txapelketako lau finalistak arituko dira lanean

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Igande honetan, abuztuaren 27an, goi mailako sega ikuskizuna izango dugu Zestoan, zehatzago esanda Lau Iturriko zelaietan.

Ikuskizuna 12:00etan hasiko da, eta bertan Euskal Herriko sega txapelketako finalean aritu ziren lau segalariak arituko dira, hau da, txapelduna izan zen Julen Gabirondo eta segidan sailkatu ziren Jokin Etxeberria, Iban Pardo (zestoarra) eta Jexux Mari Ormaetxea 'Urki'.

Lau segalariek bi bikote osatuko dute desafio honetarako, bata txapeldunak eta 4. sailkatu zenak osatuko dutena, Gabirondo eta 'Urki', eta bestea 2. eta 3. sailkatu ziren segalariek osatuko dutena, hau da, Etxeberria eta Pardo herritarra. Hauek 60 minututako lana burutuko beharko dute, eta ahal den eta metro gehien ebaki.

Belarra ondo moztea ere oso garrantzitsua izango da, izan ere 'maila' edo belar zati bakoitza mozten dutenean -eta bestea mozten hasterako- epailearen baimena beharko dute jarraitzeko, hau ondo moztuta dagoela baieztatuko duena. Azkenik esan segalari bakoitzak 'zorroztaile' baten laguntza izango duela.

Ikuskizun hau Zestoako segalari taldeak antolatu du, eta sarrera soilik 5 euro kostatuko da.

X. Slalom proba

Bihar, larunbata, Zestoako X. Slalom proba jokatuko da, industria gunean. 15:30ean Entrenamenduak izango dira, eta ondoren Slaloma hasiko da.

Fotos

Vídeos