Sastarrainen elkartuko dira 50 gazte euskaldun, UEMAren eskutik

Udalekuen aurkezpena. / K.A.
Udalekuen aurkezpena. / K.A.

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak aurkeztu zituen atzo UEMAk, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkun-tza Politikarako Sailburuordearekin batera egindako agerraldian. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibiliza-tzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko asmoz antolatu ditu udaleku hauek UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Uztailaren 10etik 17ra izango da egonaldia, Zestoako Sastarrain aterpetxean. 50 lagunentzako izango da lekua, eta izena emateko epea zabalik dago, maiatzaren 9a arte. Horretarako, hezkuntza@uema.eus helbidera idaztea edota 943 816 699 telefonora deitzea (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara) nahikoa izango da.

Gazte Topaketak antolatu zituen iaz lehen aldiz UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko. 15 eta 18 urte arteko gazteak bildu ziren topaketa haietan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartu zuten parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

Hiru egun haietan landutako eduki guztia modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko, asteburu bateko egonaldia beharrean aste osoko udalekua prestatzea erabaki du orain UEMAk.

Zestoako alkate Josetxo Mendizabalek nabarmendu duenez, UEMAk lehen aldiz antolatu dituen udaleku hauek Euskal Herriko gazteen artean Zestoa are gehiago ezagutzeko baliagarriak izango dira. «Pozgarria da honelako ekimen bat gure herriarentzat. Gainera, Zestoa udalerri euskalduna da, eta Zestoako gazteek eta beste hainbat udalerri euskaldunetako gazteek elkarrekin aritzeko aukera izango dute, euskaratik eta euskaraz».

249 euro ordaindu beharko du gazte bakoitzak egonaldi honetan parte hartzeko. Prezioan sartuta dago zazpi eguneko egonaldia mantenu osoan, otordu guztiekin. Baita eguneroko ekintzak, irteerak, tailerrak eta udalekuetan ohikoak diren gainerako jarduera guztiak ere.

Salto Gazte Topaketetan parte hartu zuten gazteentzat, berariaz 10 leku gordeko dira.

Gainerako 40 gazteak zozketa bidez hautatuko dira izena 40 lagunek baino gehiagok ematen badute, beti ere lurraldetasun eta genero ikuspegiak zainduta.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos