Salbatore Jaietako egitaraua hiru formatu ezberdinetan eskura

3 formatu. Lertxundi, Garate eta Agirrezabalaga.
3 formatu. Lertxundi, Garate eta Agirrezabalaga. / AMAXKAR

Ostiralean hasiko diren festen nondik norakoa esku programan, patrikakoan eta digitalean lor daiteke turismo bulegoan

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Abuztuak 4tik 8ra Getarian Salbatore Jaiak 2017 ospatuko dira. Bost egunetako egitarau zabal eta interesgarria prestatu du Udalak, herriko hainbat eragileren laguntzarekin eta dagoeneko eskura dute interesa duten guztiak.

Hiru formatu ezberdinetan prestatua dago, esku programa alde batetik, patrikan eramateko modukoa bestetik edo sakelako telefonoan sartuta eraman daiteken egitarau digitala ere prest dago. Turismo Getariara hurbildu eta eskatu besterik ez dute herritar zein bisitariak.

Festa gosea asetzen joateko, pasa berri dugun asteburuan futbito txiki txapelketa eta pilota txapelketa ezberdinak lehiatu dira, festen atarian. Baina jaien hasiera nagusia ostiral eguerdian emango zaio, azken urteetan egin ohi den bezala, haurren txupinazoarekin (txosnak ere ordu berean zabalduko dira). Haur eta Gazteen eguna izango da eta besteak beste Paella Lehiaketa (goizeko 11:00etatik aurrera), herri bazkaria Harritarten eta jolasak izango dira koadrilen artean. Haur parkea zabalik egongo da arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara frontoian eta plazan.Iluntzean Balenciaga Museoak gau irekia iragartzen du, momentuko erakusketa gauez bisitatzeko aukera emanaz, sarrera doakoa eta gainera musikaz lagunduta, Descarga Libre (laukotea) eta DJ Makalarekin. Zezensuzkoa gaueko 22:00etan eta gero aukera bikoitza, txosnetan Zorba, Arrotzak, Pig & Kiss, Katuarraia eta Hortzaka taldeen emanaldia eta herriko plazan Gauargi taldearekin erromeria.

Fotos

Vídeos