Salbatore Abesbatzak balantzea egin eta deialdia luzatzen du

Salbatore Deuna. Abesbatzaren azken emanaldia Gabon Gauean izan zen, kalez kale Caritas-en alde dirubiltzen ibili ziren kantuan. / AMAXKAR
Salbatore Deuna. Abesbatzaren azken emanaldia Gabon Gauean izan zen, kalez kale Caritas-en alde dirubiltzen ibili ziren kantuan. / AMAXKAR

«Getariak kantatzeko beti izan duen ohiturari jarraipena eman, katea eten gabe». Urte beteko hausnarketa egin eta aurrera begira jarraitzen dute, ilusioz beteta baina jendeari beraiekin kantatzera animatuz

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Azken urteetako ohitura jarraituz, urtearen amaiera baliatu nahi izan dute Salbatore Deuna Abesbatzako kideek azken 12 hilabeteetako hausnarketa txiki bat herritarrekin partekatzeko. Honela diote, «2017 honetan Getariak behar izan gaituen guztietan erantzuten ahalegindu gara, eta bestalde, poza ematen digu getariarrek badutela non kantatua. Gure herriak kantatzeko beti izan duen ohiturari jarraipena eman nahi diogu, ez dadila katea eten».

Kezka hau sarritan kaleratu dute Salbatore Deunaren Abesbatzako kideek. Beharrezkoa da jende berria abesteko gogoz gerturatzea eta eskuak zabalik hartuko dituzte bertako partaideak.

Nice M. Crespo zuzendari dutela, 40 lagun inguruk osatzen dute Abesbatza. Urtean zehar leku eta egoera ezberdinetan kantatu ohi dute. «Elizkizunetan entzun gai-tzakezue. Eta bestelako ekitaldietan ere jardun gara. Herrigunean bezalaxe Getariako auzoetan ere: San Prudentzion, Askizun, eta Meagan izan gara, jaiak alaitu asmoz. Zenbait kontzertu eskaini ditugu: Salbatore jaietan edo Zaharren Omenaldian esaterako. San Antonetan txakolinari kantatu diogu eta beste hainbatetan: Antxuaren Egunean, Xixili Donearen eguna ospatu dugu, eta azken hilabetea benetan oparoa izan da guretzat: Igeldoko Lezkarri Abesbatzarekin batera eskaini genuen kontzertua abenduaren 10ean, herriko haurrekin 17an, Eguneko Zentroan 21ean, eta noski, 24an kalez-kale aritu ginen» gogoratu dute errepaso bizkor bat egin ondoren.

Kanturako beti prest baina noski «aipaturiko guztia egiteko hainbat laguntza jaso ditugu, gure bidea errazagoa egin dutenak. Gogoan izan nahi ditugu eskerrak emanez: Udaletxea, Kofradia, Eliza, Itsas-Mendi Gutiziak, Txomin Etxaniz txakolina, Txakolinaren Jatorrizko Deitura, Irizabal Arrainak, Viveros San Anton, Elkano Arraindegia, eta Izarri Okindegia». 2018ari ilusioz begiratzen diote, «aurten bezalaxe hainbat ekitalditan parte hartzea espero dugu, urtero bezala, eta gutxiagotan izaten dugun aukera datorkigu gainera: Elkanoren Lehorreratzean gure herriko seme handienetakoaren omenez 'Gora Elkano' kantatzeko aukera izango dugu. Inork gure proiektuaren partaide izan nahiko balu, nahikoa da kantatzeko gogoa izatea. Animo!!»

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos