Sagardoa eta babarrunak nagusi igandeko Santo Tomas azokan

Babarrun eta sagardo lehiaketan sarituak izan ziren herritarrak. /  ARGAZKIAK J.A.
Babarrun eta sagardo lehiaketan sarituak izan ziren herritarrak. / ARGAZKIAK J.A.

Noaua! Kultur Elkarteak eta Sagardo Egunaren Lagunak antolatu zuten festa

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, giro polita sortu zen igande goizean herriko pilotalekuan. Gabonen atarian Noaua! Kultur Elkarteak eta Sagardo Egunaren Lagunak antolatutako Santo Tomas azoka izan zen beste behin ere eta jende ugari gerturatu zen urteroko tradizioa jarraitu asmoz.

Batetik, herriko sagardo ekoizle desberdinen sagardoak probatzeko aukera izan zen. Bestetik, Udarregi ikastolako ikasleek postre desberdinak jarri zituzten salgai ikasbidairako dirua atera asmoz eta gaztainak probatzeko aukera ere izan zen.

Horrez gain, egun honetan ohikoa den bezala, txistorrak eta taloak ere arrakasta handia izan zuten, baita herriko ekoizleetako baten eta txerrikien postuak ere. Urtineako loreak erosteko aukera ere izan zen.

Haurrek ere izan zuten zertan gozatua. Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariaren ipuina entzuteko aukera izan baitzuten.

Lehiaketak

Hala ere, azken urteetan bezala, babarrun eta sagardo lehiaketak izan ziren beste behin ere frontoi aldera gerturatu zirenen arreta piztu zuena. Herriko ekoizleen babarrunak ikusteko aukera izan zen goiz osoan zehar eta Aginagako Ibai Ertz etxeko Manuel Aizpuruak eskuratu zuen txapela. Bigarren saria Olarri baserriko Joxe Kruz Matxainen babarrunarentzat izan zen eta hirugarren postua, berriz, Aginagako Aldapa baserriko Antonio Eizagirreren babarrunarentzat

Sagardo lehiaketari dagokionez, azken urteetan bezala herriko elkarte desberdinetako kideak aritu ziren epaimahai lanetan aurkeztutako sagardoak probatzen.

Zubietako Etxetxo baserriko Jose Manuel Lizarralderen sagardoa izan zen onena epaimahaiaren iritziz. 2. postua Aginagako Gorosti baserriko Manuel Etxeberriaren sagardoak eskuratu zuen eta Munaliurrako Juan Inazio Lizasorentzat izan zen 3. postua.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos