Sagardo desberdinak edateko aukera igandeko festa handian

Herritarrak postuak prestatzen Sagardo Egunaren 37. ediziorako. /  ARANBERRI
Herritarrak postuak prestatzen Sagardo Egunaren 37. ediziorako. / ARANBERRI

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Badator Sagardo Eguna. Maiatzeko azkenhirugarren igandea gerturatzen ari da eta etzi, sagardoa alkatetzat duen herriak ekitaldi honen 37. edizioa ospatuko du. Sagardoaren Egunaren Lagunak taldeko kideak burubelarri dabiltza herriko egun handi honetako ekintza desberdinak borobiltzen.

Aurtengoan ere, beste erakunde batzuekin batera, Egurrezko Sagardoa lehiaketa antolatu dute. Sagardoaren Unibertsitateak (Usurbilgo Udalak, Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Bizi Sagardoak lagunduta) 2. edizioa antolatu du eta ontzietan egindako sagardoaren Euskal Herriko lehiaketa izango da iaz bezala.

Gaurkoa izango da lehiaketa honetan parte hartzeko azken eguna. Euskal Herriko edozein sagardogilek parte har dezake, lanbide duenak edo ez, sagardotegietakoak bezala etxerako egiten duenak ere. Sagardogile bakoitzak 6 sagardo botila ekarriko ditu, denak kalitate berekoak eta botilak garbiak izan behar dute, ez dute inolako arrastorik edo etiketarik izan behar. Aurrez esan bezala, gaur izango da botila hauek entregatzeko azken eguna, eguerdiko 12.00ak baino lehen Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatibaren egoitzara eraman behar direlarik.

Sari banaketa Sagardo Egunean, igandean 12:30ean burutuko da, 37. Sagardo Egunean, Goiko Plazako oholtzan. Sariak, berriz, hauxek dira: 1. saria: Usurbilgo Herriko Etxea Saria diren 1.000 euro eta Sariaren Ziurtagiria; 2. saria: Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 350 euroko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria; eta 3. saria: Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 150 euroko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria.

37. Sagardo Egunean, berriz, nahikoa sagardo edateko aukera izango da beste behin ere goizean zehar. Baserrietako sagardoa, 'Euskal Sagardoa' Jatorri izendapena duten sagardoak eta Gipuzkoako Elkarteko sagardoa dastatzeko aukera aukera izango da aurten ere 11.30etik aurrera eta 14.30ak bitartean. Guztira 38 postu inguru izango da Askatasuna plaza, dema plaza eta frontoian banatuta. Ohikoa den bezala, mokadutxoa jateko aukera ere izango da Askatasuna plazako pintxoen postuan. Arratsaldean, berriz, musikak hartuko du jaiaren lekukoa. Elektro Patxaranga taldekoak izango dira alaitasuna lau haizetara zabaltzen saiatuko direnak 18.00etatik aurrera.

Bestalde, urtero bezala, Usurbilen Nahi Ditugu! elkarteak ekimen bat antolatu du. 13:00etan frontoi atzeko txosnan bildu eta, giza-katea egingo dute. Euskal presoen eskubideen aldeko giza katea Mikel Laboa plazatik abiatuko da «Sagardo Egunean ere gurekin nahi ditugula», aldarrikatuaz.

Txosnagunea, berriz, 11.00etan irekiko dute igandean. Talogileak izango dira bertan eguerdira arte eta arratsaldean, Lendakaris Puerkos taldea 17.00etan eta DJ Jotatxo 21.00etan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos