Pablo Gutiérrez eta The Gospel Wave Choir gaur Salbatore elizan

Pablo Gutiérrez eta The Gospel Wave Choir. Elkarrekin eskainiko dute gaur Salbatore elizan emanaldia.
Pablo Gutiérrez eta The Gospel Wave Choir. Elkarrekin eskainiko dute gaur Salbatore elizan emanaldia.

Nazioarteko II Flysch Organo Zikloak saioa eskainiko du 20:30ean hasita

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Kostako zenbait herritan ospatuko den Nazioarteko II Flysch Organo Zikloa Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du eta geldialdia izango du gaur arratsaldeko 20:30ean Salbatore elizan. Bertan Pablo Gutiérrez teklistak The Gospel Wave Choiri lagunduko dio eta gospel tradizioko errepertorioa eskainiko dute, estilo afroamerikar guztizkoan.

Sarrera doakoa izango da eta Gipuzkoako Alzheimerdunen eta bestelako dementziadunen senitartekoen eta lagunen elkartearen (AFAGI) aldeko ongintzako kon-tzertua bezala iragarri dute.

Madrilen jaiotako musikari honek lau urte zituela jaso zituen bere lehen piano-eskolak, eta handik hiru urtera, Nicolás Salmerón kontserbatorioan sartu zen. Gerora, Ferrazeko Musika Kontserbatorio Profesionalean ikasi zuen, eta ohorezko matrikularekin amaitu zituen ikasketak. Madrileko Autonomia Erkidegoaren beka bati esker, Hagako Koninklijk Conservatoriumean sartu zen (Herbehereak). Pianoko Bachelor titulua eta masterra egin zituen han, eta Aparteko Saria jaso zuen bietan.

Pablo Gutierrez eta Gospel

Horrez gain, entzute handiko musikarien eskolak hartu ditu. Besteak beste, Frans Elsen, Rob Van Kreeveld, Juraj Stanik, Rob Van Bavel, Barry Harris, Dave Liebman, Kurt Rosenwinkel, Albert Brousèe, John Ruocco, Eric Ineke eta Aaron Parks musikariekin ibili izan da. Espainiara itzuli zenetik, jazz musikako piano-jole eta organo-jotzaile dabil, eta sona handia du; nazioko piano-jole ospetsuenetako bat da.

Bestalde, The Gospel Wave Choir Zaragozako ganbera-abesbatza bat da, 2012. urtean sortua. Gospel musikan espezializatuta egon arren, soinu-bandak eta abesti ahaztezinak ere aurki daitezke taldearen errepertorioan. Une honetan, beren lehen diskoa grabatzen ari dira. Hasiera-hasieratik, Aragoiko agertoki garrantzitsuenetan eskaini izan dituzte beren emanaldiak, eta horrez gain, askotariko musika-ekitaldietan parte hartzen dute eta arrakasta handia izan ohi dute.

Temas

Getaria

Fotos

Vídeos