'Orioko karruan', DV-ren 2018ko egutegian

Urria. 2018ko DVren egutegi berriko urriko hilabetean etorriko da 'Orioko karruan'. /  LUIS BIXKI
Urria. 2018ko DVren egutegi berriko urriko hilabetean etorriko da 'Orioko karruan'. / LUIS BIXKI

Luis 'Bixki'k ateratako argazkia izan da 'Rincones de Gipuzkoa' lehiaketa bidez aukeratutako batAbenduaren 17an banatuko dira egutegiak, baina horretarako bihar argitaratuko den kartila bete beharko da

ANTXON ETXEBERRIA ORIO.

Luis Lizarralde, Luis 'Bixki'-ren argazki bat EL DIARIO VASCOk hilaren 17an banatuko duen 2018ko egutegi berrian azalduko da, urriko orrian hain zuzen. Argazkia Orioko karruan ateratakoa da, goizeko lehen orduetan. Bertan konpontzen ari zen itsasontzi baten helizea ageri da, eta atzean arranpla, ibaia eta Orioko herria, eguna zabaltzen ari zen momentuan. Oso argazki polita, Rincones de Gipuzkoa lehiaketara aurkeztutako 3.000 argazki baino gehiagoren artean aukeratutakoa. Egutegirako 13 argazki izan dira aukeratuak.

Gustura agertzen da Luis 'Bixki' errekonozimendu honekin. Atzo goiz partean berarekin egoteko aukera izan genuen, eta ustekabean harrapatu zutela albistea eman ziotenean aitortzen zigun. «Itxaropena beti daukazu, baina oso zaila ikusten nuen. Harategian nengoen albistea eman zidatenean, baina sari banaketara ezin izan nuen joan lanean nengoelako».

Luix 'Bixki'k garbi zeukan zein argazki bidali lehiaketara. «Itsason-tziaren helize hau buruan sartuta neukan eta egunsenti argi batean lehen orduan espresuki bertara inguratu eta atera nuen. Orioko karrua bezala ezagutzen dugu leku hau eta argazkiari ere izenburu hori jarri diot, 'Orioko karrua'.

Luis Lizarralde eta bere anai bizkia, Joxean, 1959 urteko urriaren 27an jaiotakoak dira eta biek dute argazkigintzarako zaletasuna. «Ilusioa egin zidan urriko argazkia izango zela esan zidatenean». Dena den, argazkiarena hobby bat besterik ez dute bi anaiek. Luisen kasuan, lana Santio auzoan dagoen Talleres Mecánicos Manterolan egiten du. «14 urterekin hasi nintzen eta 58 dauzkat; beraz, 44 daramatzat toki berean. Nire anaiak ere toki berean egiten zuen lana, baina orain 10 bat urtetik Donostiako enpresa batean egiten du lan».

Luisek esaten duen bezala, «niri tabernan ez didazue aurkituko, bai ordea mendian edo bizikletarekin. Horiek dira nire bi zaletasun nagusiak. Mendian ibiltzea eta bizikletan, eta mendian nagoenean, beti kamara gainean dudala». Orioko arraunlaria den Unai Lizarralderen aita dugu Luis 'Bixki'. «Arrauneko argazkiak aspaldidanik ateratzen ditut, baina pixka bat behartuta, semea bertan dudalako, eta aurten Kontxan irabazi zutenean adibidez, ehunka atera nituen».

Argazki kamara soinean eramaten du gehienetan. «Inoiz ez dakizu non aurkituko duzun argazki egokia, eta beraz, kamara beti gainean eramatea komeni. Luisek argazki kontuak bere kaxa ikasi ditu; «autodidakta naiz, eta behar dutenean, argazkiak zuzentzea gustatzen zait. Satisfazio handiena, argazkia gustatu zaiela esaten didatenean. Nik ez dut inoiz sosik kobratu, ez ditut inoiz nire argazkiak saldu».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos