Oriok egin duena ikaragarria, izugarria, sekulakoa, historikoa...

Ongietorria. Herriko plaza topetaraino beteta, milaka herritar eta zale arraunlariei ongietorria ematen igande arratsaldean. Garaipena ederki ospatu zuten guztiek. / ETXEBERRIA
Ongietorria. Herriko plaza topetaraino beteta, milaka herritar eta zale arraunlariei ongietorria ematen igande arratsaldean. Garaipena ederki ospatu zuten guztiek. / ETXEBERRIA

Harrera paregabea izan zen; arraunlariek udaletxeko balkoitik herritar eta zale guztiak eskertu zituzten Kontxako bere 32. Bandera eskuratu zuen olatu bortitzen artean estropada borobila osatu ostean

ANTXON ETXEBERRIA ORIO.

Ikaragarria, izugarria, sekulakoa, historikoa..., igandean bizitakoa, bai estropada bera eta baita ondorengo harrera, bai Donostiako moilan eta zer esan igande arratsaldean arraunlariak herrira iritzi zirenekoa. Ezin deskribatu herritarren sentimenduak, malkoak asko eta asko, Kontxa irabazteak suposatzen duenarekin.

Balkoitik arraunlariek ederki adierazi zuten bezala, «bandera ostiral arratsaldeko entrenamenduan hasi ginen irabazten, barra parean pasa ginenean eta herri osoaren babesa sentitu genuenean».

Oriok, Kontxako bere 32. bandera eskuratu zuen, estropada bukaera izugarriarekin. Olatuekin asmatu eta atzean utzi zituen arerio guztiak, batipat azken 1.000 metro arte gainean zuen Urdaibai. Donostia horia izan zen igandean, eta zer esan arraunlariak arratsaldeko zortziak pasata herrira iritsi zirenean. Adin guztietako jende andana kale, plaza eta moila inguruetan talde osoari ongietorria emateko.

«Aurtengoa segida bat besterik ez da izan. Bandera hau etxera ekarri dugu denok bat izan garelako»

Txarangarekin batera egin zuten sarrera herrian arraunlariek, txu-txu trenaren gainean arraunlari ba-tzuk Kontxako bandera astinduz eta besteak autobusean. Jarraian, udaletxera igo eta balkoitik agurtu eta eskertu zituzten herritar eta zale guztiak.

«Aupa Orio!» ozen

Gorka Aranberrirentzat bere 5. bandera zen, baina beti bezala umil agertu zen. «Arraunlariek tiratzen dute, nik ontzia zuzendu besterik ez dut egiten. Estropada ostiraleko entrenamenduan hasi ginen irabazten, herri osoaren babesa sentitu genuenean». «Aupa Orio!» ozen eta garbi esanaz agurtu zituen zaleak.

Salsamendi entrenatzaileak ere garbi adierazi zituen bere sentimenduak: «12 urte Oriotik kanpo ibili naiz, eta pozik nago, zaleek erakutsi diguzuelako irabazteko griñaz aparte, zailtasunak errekonozitzen eta besteak irabazi dutenean errekonozitzen; hori hemen egon diren arraunlari eta batez ere, Igor Makazaga eta Aizperrok erakutsi dizue; aurtengoa segida bat besterik ez da izan, eta garbi eduki bandera hau etxera ekarri dugula, denok bat izan garelako. Azken minututako olatuak zuen bultzadarekin izan dira. Esker mila guztioi».

Fotos

Vídeos