Ondo sailkatutako hondakin kopurua 30 puntu igo da sistema berriarekin

Bilketa gunea. Sistema berriarekin ondo sailkatutako hondakin kopuruak gora egin du. / AMAXKAR
Bilketa gunea. Sistema berriarekin ondo sailkatutako hondakin kopuruak gora egin du. / AMAXKAR

Horrela egiaztatzen dute lehen hiru hilabeteetako datuek, eta horrela eman du aditzera Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Joan den otsaila, martxoa eta apirileko hondakinen bilketa datuak aurreko urteko epealdi bereko datuekin alderatuta, Getaria, Aia, Orio, Zarautz eta Zumaian kaleko edukiontzietan ondo sailkatuta jasotako hondakinen ehunekoa 30 puntu igo da. 2017ko apirilean %38,26a jaso zen ondo sailkatuta eta aurten, %68,14a. Urola Kosta osatzen duten bost udalerrietako kaleko edukiontzien datu orokorra da hori. Indarrean jarri diren hiru bilketa zerbitzuek antzeko zenbakiak utzi dituzte. Kaleko edukiontzien kasuan, sistema berria ezarrita, martxoan hondakinen %66,77a bildu zen ondo sailkatuta eta apirilean %68,14a (urtarrilean %45,81a eta otsailean %43,01a); merkatari-tza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduen puntuz puntuko bilketan, %79,66ko sailkatze tasa lortu da apirilean; eta, azkenik, industrialdeetako enpresen kasuan, %71,86koa.

Igor Iturain pozik

Datuak bere horretan hotzak izaten dira, baina kasu honetan gehiago dute berotik hotzetik baino. Horrela ondoriozta daiteke Igor Iturainek esandako hitzetatik. Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariaren iri-tziz, «balorazioa ona da, jauzi kualitatibo garrantzitsua eman dugulako. %38a ondo bereiztetik %68a ondo bereiztera pasa gara, eta argi dago igoera askoren ahaleginari esker lortu dela: herritarrak, establezimenduak, enpresak, bilketa zerbitzua bera, udalak, alderdi politikoak...». Udal Elkarteko lehendakariak pozik hartu ditu lehenengo datuak, baina zuhurtziaz jokatzeko mezua zabaldu nahi izan du. «Bagoaz, bai, baina oraindik asko dugu egiteko eta lanean jarraitu behar dugu; ordezkari politikoak, sistema hobetzen; eta herritarrak, establezimenduetako zein enpresetako langile eta ordezkariak lehenengo hilabete hauetan azaldu duten arduraz jokatzen. Guztion artean zerbitzua egonkortzea lortu behar dugu».

Egokitzapenak laster

Horren harira, datozen hilabeteetan sistema hobetzeko egokitzapenak egingo dituztela aurreratu dute. Horretarako, herritarrekin, merkataritza eta ostalaritzako establezimenduekin eta industrialdeetako enpresekin elkarlanean ari direla azaldu du Igor Iturainek. Elkarrizketa saio horietatik etorri dira sektore eta jardunaren arabera zerbitzua hobetzeko datozen aste eta hilabeteetan egingo diren egokitzapenak.

Horietako batzuk aurreratu dituzte. Esate baterako, edukiontzietan egokitzapenak egin dira: aho-er-tzak konpondu zauriak ekiditeko; babesgarriak jarri dira poltsak kateatuta ez geratzeko; eta ondorengo hilabeteetan nabarmentzekoa, edukiontziei pedala jarriko zaie herritarrek zaborra botatzerakoan erraztasun gehiago izateko.

Txartel eta bilketa puntuetan ere egokitzapenak izango dira. Batetik, bilketa puntuak aldatzeko eskaerak tramitatzen jarraituko da eta bestetik bigarren txartela eskuratzeko aukera aztertzen ari dira.

Udako kanpaina

Urola Kostan turismoak eta aisialdiak zein garrantzia duen ikusita, ekainean udako kanpaina hasiko dutela iragarri du Igor Iturainek. «Aste Santuko oporraldia proba garrantzitsua izan zen eta, oro har, ondo erantzun dugun arren, ikasitakoa ezinbestekoa izango da datorren udaldiari aurre egiteko eta, era berean, datorren uda hau ikasbide garrantzitsua izango da hurrengoetarako». Urola Kostak udako sasoian izaten dituen bisitariak kontuan hartuta, biztanleria nabarmen handitzen da eta nabarmen handitzen da sortzen den hondakin kopurua ere. Hori dela eta, ekainerako zerbitzuaren inguruko «beste neurri batzuk aztertu eta proposatzen ari gara», gaineratu du Igor Iturainek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos