Noaua!ren Kulturaldiaren barruan ekimen ugari egunotan

Zuriñe Hidalgo Sutegin izango da gaur. /  ARIZMENDI
Zuriñe Hidalgo Sutegin izango da gaur. / ARIZMENDI

Zuriñe Hidalgo abeslariak hitzaldia eskainiko du gaur arratsaldean Sutegin. Bihar, Orbeldi dantza taldearen emanaldia leku berean

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Datozen egunetan Noaua! Kultur Elkarteak antolatutako Kulturaldiak jarraipena izango du. Pasa den asteburuan Alejandro Tapiari egindako omenaldiarekin hasi zen kultur ekimen hau eta larunbatean nahiz igandean ere ekimen desberdinak burutu ziren. Jakoba Errekondo eta Antton Olariagak 'Landareak lantzen' liburua aurkeztu zuten larunbatean eta igande goizean kantu bertso-jira izan zen Jon Maia eta Alaia Martinekin.

'Handia' filmaren emanaldiak ere arrakasta itzela izan zuen. Iganderako iragarrita zegoen emanaldia, baina sarrerak agortu ostean, astelehenean berriz ere film hau ikusteko aukera izan zen.

Datozenak

Datozen ekitaldiei dagokionez, gaur arratsaldeko 19:30etik aurrera Zuriñe Hidalgorekin tertulia izango da Sutegiko auditorioan. Tertulia honetan Zuriñe Hidalgo hobeto ezagutzeko aukera izango dugu: musikaria, aktorea eta baita pertsona ere. Emakume musikari izateak suposatzen duena izango dugu besteak beste, hizpide. Eta noski, euskarak bere bizitzan eta lanean duen garrantzia ere azpimarratuko du. Sarrera doakoa izango da.

Bihar, berriz, Orbeldi dantza taldearen emanaldia izango da Sutegiko auditorioan arratsaldeko 19:30ean hasita. Euskal dantza tradizionalean oinarritutako ikuskizuna izango da, taldeak sortutako koreografia ezberdinekin atonduta. Jantzi berriak erakusteko parada ere izango da, jostunek egindako lan bikaina argitara ateraz. Sarrerak Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan daude daude salgai aldez aurretik 3 eurotan Noaua!ko bazkideek euro batean elkartearen egoitzan.

Larunbaterako beste ekimen bat iragarri du Noaua!k. 'Erradikalak gara', bertsoa eta bakarrizketa izango da Sutegiko auditorioan arratsaldeko 20.00etan. Ane Labaka bertsolaria eta Beatriz Egizabal antzerkilari eta ipuin kontalariak maletak kontraesanez beteta dakarzkite, bertso eta bakarrizketa formatuan. Erraietatik ariko dira, umorez, erroetara iritsi nahian. Sarrerak aldez aurretik salgai daude 7 eurotan aurrez aipatutako lekuetan eta Noaua!ko bazkideek 5 eurotan erosi ahal izango dute Noaua!ko egoitzan aldez aurretik.

Azkenik, eta aurtengo Kulturaldiarekin amaitzeko, Joseba Tapia eta Besamotzak taldearen kontzertua izango da Sutegiko auditorioan igandean 19:00etan. Joseba Tapiaren zuzenekoetarako egitasmo berria da, zuzenekoetan baizik en-tzun ezingo dena. Bere kantutegiko 14 kanta berritu eskainiko dizkio ikus-entzuleari Iñigo Telletxea, baxuaren (Petti, Anje Duhalde, Xabier Montoia) eta Iker Iriarte, bateriaren (Betagarri) laguntzarekin. Sarrerak aldez aurretik salgai daude Bordatxon, Artzabalen, Lizardin eta Noaua!ko egoitzan 10 eurotan, 8 eurotan Noaua!ko bazkideentzat.

Bestalde, Alejandro Tapiaren margolanen erakusketa ere zabalik izango da egunotan Sutegiko erakusketa gelan. Gaur eta bihar 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean eta igandean 12.00etatik 14.00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Fotos

Vídeos