«Nabarmentzeko kalitatezko lanak aurkeztu dira aurtengo lehiaketara»

Sarituak. Udaletxeko ordezkariekin batera atzo eguerdiko sari banaketa ondoren. /  ETXEBERRIA
Sarituak. Udaletxeko ordezkariekin batera atzo eguerdiko sari banaketa ondoren. / ETXEBERRIA

Atzo eguerdian banatu ziren aurtengo Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren sariak

A.E. ORIO.

Atzo eguerdian banatu ziren udaletxeko areto nagusian Euskaraz Gazte 24. literatur lehiaketaren sariak. Epaimahaia azaroaren 29an elkartu zen lanak irakurri eta sarituak erabakitzeko. Epaimahaia, Miriam Garcia, Karkara aldizkariaren izenean; Eli Lasa, Aiako Udaleko kultur teknikariak, eta Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak osatua egon da.

«Aurtengo lanen batez besteko kalitatea nabarmentzekoa izan da», esan zuten epaimahaiko kideek. Lehiaketara aurkeztutako lanak banan-banan aztertu ditu epaimahaiak eta, iritziak trukatu eta eztabaidatu ondoren, honako sariak ematea erabaki du. Ipuin sailean, Ane Etxaberen 'Klarinete jotzailea' izeneko lanak irabazi du ipuin alorreko accesita. Idaztea gustatzen zaion neska baten istorioa kontatzen du: idaztearen plazera, egiten duen lana onartua izateko nahia, ilusioa, beldurra...

Ipuin alorreko hirugarren saria, 150 euro eta oroitagiria, Libe Larrartek idatzitako 'Ofizialki uda da' ipuinarentzat izan da. Ipuinak ederki kontatzen du gaur egungo gazte askorena izan daitekeen egunerokoa: atzerrian bizitzen, pisu konpartitu batean, munduko toki askotako jendearekin...

Mikel Iruretagoienak irabazi du ipuin alorreko bigarren saria, 200 euro eta oroitagiria, 'Lotarako ipuina' lanarekin. Ezagutzen genuen Mikel, bertsolari gisa, baina aurreneko aldia da ipuina aurkezten duela lehiaketara. Oso elementu sinpleak erabiliz (aita gauean, semeari ipuina kontatzen), oso kontakizun polita osatu du, estilo biziz eta grazia handiarekin.

Olerki saria

Aurtengo lehendabiziko saria, 300 euro eta oroitagiria, 'Anarriko Dama' izeneko ipuinak irabazi du, Iñaki Iturainek idatzia. Edozeinek goza-tzeko moduko ipuin ederra da; baina inguru hauetan bizi garenontzat (Orio, Zarautz, Aia...) bereziki da gozagarria, gertuko erreferentziaz beteta dagoelako: lehengo istorioak, toki-izen ezagunen jokoak, gure etxekoak izan daitezkeen pertsonaiak... eta kostalde honetako ku-tsua duen euskara landua.

Olerki sailari dagokionez, epaimahaiak Leire Zinkunegik idatzitako 'Lapikoaren aurrean' izeneko olerkiari eman dio olerki saileko accesita. Olerkiaren eta bertsoaren arteko mugan dagoen lana aurkeztu du egileak eta bertan kontatzen du nola biltzen diren sukaldean ama eta haurra, jolasa, janaria eta goxotasuna konpartituz, arbasoengandik datorren kateari segida emanez, testigantza zaharrak biziberrituz.

Olerki eta bertsoetako hirugarren saria, 150 euro eta oroitagiria, 'Mendian gora korrika' izeneko bertso-sortak irabazi du. Egileak, Iñaki Iturainek, gaur egun modan dagoen sukar ulertezin bati egiten dizkio bertsoak: mendian korrika ibiltzeko piztu den grina horri. Zortzi bertsoko sorta bi erditan banatuta dago: lehenbizikoan oraingo sukar horren azalpena egiten du eta azken lau bertsotan, berriz, mendiaz goza-tzeko beste bide bat proposatzen du.

200 euroko bigarren saria Garazi Urretabizkaiaren 'Telezirkoa' izeneko bertsosortak irabazi du eta egileak ederki erakutsi du baduela txispa eta ofizioa bertso idatziak jartzeko. Oraingo honetan telebistari begira jarrita osatu ditu bertso umoretsuak, biziak eta txinpartadunak. Banan-banan aipatzen ditu telebistako 'faunaren' pertsonaia asko eta badu bakoitzarentzat zerbait. Irribarrez irakurri edo entzuteko bertsoak.

Azkenik, aurtengo lehiaketaren lehen saria, olerki eta bertsotako sailean, beste bertso-sorta batek irabazi du (aurten bertsoak izan dira aurkeztu diren gehienak). '40 urte' du izena Mikel Iruretagoiena irabazlearen zortzi bertsoko sortak eta bertan egileak 40 urtetako krisiaren erretratu umoretsua egiten du.

Grazia handiko bertsoak dira, ondo eginak eta josiak, eta gustura aditzekoak, bereziki adin horren bueltan dabiltzanentzat. Mikelek 300 euro eta oroitagiria jaso zituen eta aurreko sarituak bezala, bertsoak jendearen aurrean irakurri zituen, barre algarak sortuz bertaratu zirenen artean.

Garbi geratu zen atzokoan oriotar eta aiarren artean badagoela griña ipuinak idazteko eta bertso ida-tzietarako. Nahia, datorren urtean partaidetza zabalagoa izatea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos