Miren Fuldain (Fuldain Farmaziako arduraduna eta saritua): «Sariak animoak ematen dizkigu euskararen alde lanean jarraitzeko»

Lanean. Farmazian etenik gabe bezeroak hartzen dituzte eta euskara da hizkuntza nagusia.
/AMAXKAR
Lanean. Farmazian etenik gabe bezeroak hartzen dituzte eta euskara da hizkuntza nagusia. / AMAXKAR

Getariako Miren Fuldain Farmaziak, Zergatikek, Joxemari Sorsek eta Jon Jakak jaso dituzte aurtengo Bai Euskarari Sariak

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

2017ko Bai Euskarari Sariak banatu zituzten aurreko astean Donostiako Tabakaleran ekitaldi ikusgarri baten barne, euskararen alde egindako lanarengatik. Sarituen artean dago Getariako Fuldain Farmazia eta saria jasotzera bertaratu zen Miren Fuldain. Bere lantokian topatu dugu bera eta etenaldi labur batean sariaren inguruko esperientziaren berri eman digu.

-Nola jakin zenuten aurtengo Bai Euskarari Sarietako bat zuentzat izango zela?

-Bai Euskarari ziurtagiria duela hamar urtetik daukagu. Ziurtagiri honen barne hiru maila daude, lehenengoa bidean izenekoa, gero zerbitzua euskaraz eta azkena zerbitzua eta lan euskaraz. Horrela zu non kokatua zauden ikusita laguntza ematen dute beste mailetara pasatzen joateko. Guk 'Bidean' izeneko Bai Euskarari ziurtagiria duela hamar urte jaso genuen, pare bat urtetan maila horretan egon eta berehala eman ziguten 'Zerbitzua Euskaraz' ziurtagiria eta hor jarraitzen dugu. Saria eman zigutela nik jakin nuen oporretan nengoela, korreo bat bidali zuten esanaz aurtengo sarituetako bat Getariako farmazia zela. Iraila erdi alden jakin genuen beraz aurtengo saria guretzat izango zela. Ez guretzat bakarrik, eman zeren bi sari ematen dituzte eta bestea Zergatik euskal arropa markari eman diote.

-Itxuraz ekitaldian izan modura hartuak izan zineten Tabakalerako egoitzan, nola gogoratzen duzu hura?

-Urriak 6an izan zen eta guardia eguna genuen farmazian. Horrek eragin zuen ni bakarrik joatea Donostiara, Amaia lanean geratu zen farmazian eta Ana Marik bezoa puskatuta du eta ezin izan zuen bertaratu. Beraz lan taldetik ni bakarrik joan nintzen. Ekitaldia oso polita izan zen. Tor Magoa izan zen ekitaldiaren gidari eta umorez betea, magiarentzako uneak ere izan zituen eta denak oso gustura eta lasai egon ginen

-Zer suposatzen du Fuldain farmaziarentzat honelako sari bat jasotzeak?

-Beno alde batetik bide onetik goazela esaten digu eta bestetik animoak ematen dizkigu bere horretan jarraitzeko. Oraindik badugu zeregina, urtero jartzen ditugu helburu berriak aurrera begira eta pauso txikiak ematen jarraitzen dugu euskarak gero eta presentzia handiagoa izan dezan gure eguneroko lanean.

-Oraindik Getarian lehen urrats hori eman ez dutenei zer esango zenioke?

-Nik animatu egingo nituzke. Eta ez nieke esango errazagoa dela egitea ez egitea baino. Halere ez da lan handia zeren helburuak norberak jartzen ditu, ez zaituzte behartzen ezertara. Lehenengo ikusten duzu zein puntutan zauden eta gero esaten duzu «ba hau egin dezaket» adibidez Iberdrolari fakturak euskaraz bidaltzeko eskatzea edo prestatzen dituzun nominak euskaraz egitea. Gainera Bai Euskarari ziurtagirikoak baliabide asko jartzen dituzte gure esku, adibidez bankuari zure harremanetarako hizkuntza euskaraz izaten nahi duzula adierazteko beraiek badituzte prestatutako idatzi batzuk. Lan bezala ez da lan handia. Egin beharreko bakarra erabakia hartzea da eta aurrera egin. Asko laguntzen dute.

-Gainera Getarian euskaraz egitea bezeroekin ohikoa izango da ezta?

-Bai, baina guk nahiz ikusi farmaziara datorrena atzerritarra dela lehen hitza euskaraz egiten diogu, «egunon» adibidez, ikus dezaten hemen beste hizkuntza bat ere badugula. Nik uzte arazo nagusiena idatzizko kontuetan nabarmentzen dela, herrian bertan ikus daiteke menuak edo bestelako hainbat kontu erdara hutsean daudela. Euskaraz denok dakigu egiten baino gero idaztean hutsuneak aurki ditzakegu.

-Hirugarren urratsa emateko prest?

-Guretzat ezinezkoa da. Adibidez eskatzen dute lan egiteko programa euskaraz izatea eta farmazietan daudenak erdaraz dira eta ezin dugu aldatu. Baino baditugu erronkak, datorren urterako konbenioa euskaraz eskatzeko asmoa dugu gure elkarteari eta baiezkoa eman digute.

-Aurrera orduan?

-Animatzen ditugu bide honetan jartzera, gutxi daude ziurtagiriarekin eta lana baino laguntza gehiago ematen dute. Begiratu nuen eta oker ez banago kiroldegia eta gu besterik ez gaude.

Fotos

Vídeos