San Marko Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak, baliogabetutak

Atzo eman zuten epai honen berri, Xabier Arregi herriko alkatea bertan zela. /  J.A.
Atzo eman zuten epai honen berri, Xabier Arregi herriko alkatea bertan zela. / J.A.

Arrazoia eman die Usurbil, Hernani, Astigarraga, Lezo eta Pasaiako udalei

JOSU ARANBERRI USURBIL.

«Espainiako Auzitegi Gorenak aintzat hartu du Hernani, Pasaia, Lezo, Astigarraga eta Usurbilgo udalek San Marko Mankomunitateko 2014ko aurrekontuen aurka egindako helegitea, eta, ondorioz, baliogabetu egin ditu orduko aurrekontuak», adierazi zuen Hernaniko alkate Luis Intxauspek, Hernaniko, Usurbilgo eta Oiar-tzungo hautetsiek atzo San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan egin zuten agerraldian.

2014an, Hernanin, Astigarragan, Pasaian, Oiartzunen, Lezon eta Usurbilen hondakinen bilketa selektiboaren sistema ezarrita zeukaten. Horren ondorioz, udalerriek bere gain hartua zuten hondakinen bilketa. San Marko Mankomunitatearen bilketa zerbitzua, beraz, ez zuten erabiltzen udalerri horiek, eta, hala ere, Mankomunitateak urtero kobratzen zien zerbitzu horrengatik.

Mankomunitatearen tasak ezar-tzeko irizpideak, beraz, ez ziren egoera berrira egokitu. «Udalerriek mankomunitateari ordaindu beharreko zenbatekoa herri bakoitzaren biztanleen araberakoa zen, eta ez, ordea, bidezkoa den bezala, mankomunitateak herri bakoitzari eskaintzen zien zerbitzuen arabera», azaldu zuen Eneritz Arbelaitz Oiartzungo zinegotziak. «Irizpide horiek erabilita, atez ateko sistema geneukan udalok, gure hondakinak biltzeak eragiten zituen gastuez gain, beste udalen (garai hartan Donostia, Urnieta, Errenteria eta Lasarte-Oria) bilketa gastuak ere gure gain hartzera behartu gintuzten, gure tarifa nabarmen zamatuz, kaltetuz. Hala, Hernaniko herritarrek zegokiena baino 114.000 euro gehiago ordaindu behar izan zituzten; Pasaiak 93.000 euro gehiago; Oiartzunek 60.000 euro gehiago; Lezok 35.000 euro gehiago, Astigarragak 30.000 euro gehiago; eta Usurbilek 3.000 euro gehiago», gogorarazi zuen Arbelaitzek.

Sanmarko Mankomunitatearen irizpide hori bidegabea zela eta hondakinen kudeaketa ona zigor-tzen ari zela iritzita, bost udal horiek, batetik, eta Oiartzungo Udalak, bere aldetik, Mankomunitatearen 2014ko aurrekontuak errekurritu zituzten. «Gure herria eta herritarren mesedetan, orduko udal agintariek aurrekontu horiek errekurritzea erabaki zuten, eta erabakia hiru urte geroago etorri bada ere, pozteko modukoa da», esan zuen Xabier Arregi herriko alkateak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bost udal horien aldeko epaia eman zuen 2015eko ekainean, baina Sanmarko Mankomunitateak, horrekin ados ez zegoelako, kasazio errekurtsoa aurkeztu zuen. Espainiako Auzitegi Gorenak errekurtso hori ezetsi du orain eta bost udalei eman die, beraz, arrazoia. Epai horren arabera, ez da legezkoa jasotzen ez den zerbitzu batengatik kobratzea.

«Orain ikusi beharko dugu epai hau nola exekutatzen den, mankomunitateak nola kitatzen dituen udalekin dituen zorrak. Gainera, 2015, 2016 eta 2017ko aurrekontuak ere errekurrituta daude, eta ikusteke dago nola eragiten duen epai honek auzibide horietan», esan zuen Xabier Arregik.

Fotos

Vídeos