Mariatxien kontzertua gaur eguerdian plazan

Haur parkea. Puzgarriekin ederki pasatzeko aukera izan zuten atzo goizean txikienek.
Haur parkea. Puzgarriekin ederki pasatzeko aukera izan zuten atzo goizean txikienek. / ETXEBERRIA

Futbol txapelketa, heriotzik gabeko arrantza, apar festa, elektrotxaranga ..., gaurko egitaraua

DV ORIO.

Aurrera darraite jaiek. San Pedro bigarren honetan goizeko 09:00etatik aurrera, umeen arteko futbol txapelketa jokatuko da egun osoan zehar Mendibiltz futbol zelaian, Zaragueta Eskolak antolatuta. Joseba Agirrek adierazten digun bezala, 50 bat talde izango dira, talde bakoitza 4 jokalariekin. Talde gehientsuenak oriotarrak.

Jarraian, goizeko 10:30ean, herio-tzik gabeko arrantza Muskuiluarri elkartearen eskutik; 11:30ean, umeentzako apar festa antolatu da Blink-eko plazan; 12:00etan, Mexikoko Mariatxiak kontzertua emango dute herriko plazan. Arratsaldeko 14:00etan, 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria Galerna jatetxean; 17:00etan 'Kantatu, jolastu eta primeran pasa Erakekin'. Kontzertu eta dantza haurrentzako, aurpegi margoketa, globoflexia, jolasak... eta sorpresak izango dira Balea plazan. Segidan, Pello eta Nikolasa erraldoien kalejira txistulariekin batera eta 19:30ean, Elektrotxufla elektrotxaranga herriko kaleetan zehar jendea animatzen.

Gauean, Huntza taldea

Gaueko giroa Huntza musika taldeak alaituko du. Talde hau oso ezaguna egin da azkenaldi honetan. Joan den urteko azaroan 'Aldapan gora' kantuaren bideoklipa kaleratu zuten eta arrakasta itzela izan du. Durangoko Azokarako 'Ertzetatik' diska atera zuten eta Azokako salduenetakoa izan zen. Taldekideak ondorengoak dira: Josune Arakistain (Lastur, Deba, trikitilari eta ahotsa); Uxue Amonarriz (Hernani, pandero eta ahotsa); Aitor Huizi (Hernani, bibolina); Aitzol Eskisabel (Ataun, gitarra); Inhar Eskisabel (Ataun, baxua) eta Peru Altube (Arrasate, bateria).

Gaur palako finalak jokatuko dira pilotalekuan eta bihar goizean haurren pilota finalak.

Pilota finalak eta herri kirolak

Era berean, atzo herri kirol ikuskizuna izan zen plazan, 10 kirolariekin, tartean 7-8 herritar: Joseba Ostolaza, Aimar Galarraga eta Jokin Eizmendi harriarekin; Joxean Olaskoaga 'Aizperro', Jose Ignacio Etxezarreta 'Katxiña' eta 'Bihurri ' (hau eibartarra) aizkoran, eta lau neska gaztetxo: Udane Ostolaza, Goiaz Galarraga eta Aizpea eta Lur Carretero (hauek zumaiarrak). Bestalde, Zaharren Babeslekuak 180 hamaiketako inguru eman zituen goiz partean.

Temas

Jaiak

Fotos

Vídeos