Goi mailako pilota jaialdia izango da aurtengo jaietan

Irailaren 8an jokatuko da pilota jaialdia. /  K.A.
Irailaren 8an jokatuko da pilota jaialdia. / K.A.

Pilota Elkarteak antolatuko du, honek «aldaketa baten beharra» ikusten duen arren

K.ARRIZABALAGA ZESTOA.

Goi mailako pilota jaialdia jokatuko da aurten ere Amabirjin jaietan, Irribarria, Rezusta, Altuna eta Zabaleta arituko direlarik partida nagusian.

Beste behin Zestoako Pilota Elkarteak antolatuko du jaialdi hau, krisiaren ondorioz agian zenbait aldaketa beharrezkoak direla ikusten duen arren. Horrela, hausnarketa hau egiterakoan honela diote pilota elkartekoek: «Azken urteetan herriko jaietako profesionalen jaialdiak galera ekonomikoa sortzen zuela ikusita, iaz Zestoako Pilota Elkarteak jaialdiaren antolaketa Udalaren esku uztea erabaki zuen eta guk dakigula iazko jaialdiak 2.000 eurotik gorako galera utzi zuen. Gure ustez herriko jaietan profesionalen pilota partidak izatea ona bada ere, krisiaren eraginez garai batean baino 100 sarrera gutxiago saltzen direla kontutan hartuta, agian profesionalen ordez, garai batean ohi bezala, frontoi zaharrean jaietako egun guztietan afizionatuen partidak antolatzeko une egokia izan daitekeela uste dugu. Ekonomikoki askoz bideragarriagoa eta egunero inguruko pilotari gazteei bertan jokatzeko aukera emanaz».

Kontuak kontu, aurtengoan ere profesionalen jaialdia antolatzeko ardura Udalak hartu bazuen ere, azkenean Pilota Elkartearen esku gelditu da aurtengo jaialdiaren antolaketa. Herritar eta pilotazaleek jakin dezaten, diru galerarik balitz hau Udalak ordainduko luke eta irabaziak berriz Elkarteak jasoko lituzke.

Irribarria eta Rezusta Altuna eta Zabaletaren aurka arituko dira irailaren 8an

Jaialdia irailaren 8an, 22:30ean izango da eta ondoko partidak jokatuko dira: lehenengo partidan, Dario-Tolosa/Ugalde-Erostarbe bikoteak arituko dira, eta segidan, partida nagusian, Irribarria-Rezusta/Altuna-Zabaleta. Sarrera 30 euro kostatuko da eta aurrez eskuratzeko 634434742ra deitu dezakezue. Bestalde, abuztuan zehar jokatzen ari den gaztetxoen esku pilota txapelketako finalak, irailaren 2an, goizeko 11:00etan jokatuko direla jakinarazi nahi da.

Fotos

Vídeos