Kiroldegia berritzeko 600.000 euro jasoko ditu Udalak Aldunditik

Parte honetan burutuko dira berrikuntza gehienak. / ARRIZABALAGA

Guztira 1,2 millioi euroko aurrekontua izango dute lanek eta Udalak jarriko du gainontzeko diru kopurua

K. ARRIZABALAGA ZESTOA.

Urte amaieran aurreikusten du udalak kiroldegiko zaharberritze lanekin hastea. Frontoia eta beheko pista dauden bezala geldituko dira, baina beste guztia goitik behera aldatuko da. Esate baterako igogailu bat jarriko da, beheko pistara eta goiko solairuetara joan ahal izateko eta honek aldaketa ugari egitera behartuko du, eskaileretan, beheko aldageletan, eta abar. Horrez gain, sarrerako aterpea itxi egingo da, eta solairu honetan lehen bezala bulegoak eta komunak izateaz gain, erabilera anitzeko frontoi txiki moduko bat jarriko da.

Lehenengo solairuan -egun gimnasioa dagoen gunean- bi aldagela berri jarriko dira, sauna eta guzti, eta 120 metro karratuko gela bat izango da, bitan banatu ahal izango dena, Pilates, mantentze gimnasia, Zumba eta antzeko kirolak burutu ahal izateko.

Eta beste berrikuntza bezala, bigarren solairu bat eraikiko da, gimnasioa kokatuko dena, gaur egungoaren antzeko tamainakoa. Horrez gain beste gela bat izango da bertan spining eta antzeko kirolak burutu ahal izateko.

Herenegun GAO (Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean) argitaratu zen Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euro bideratuko dituela lan hauek burutu ahal izateko. Laguntza hau hiru urteetan zehar emango da, aurten hasi eta 2019an azkena, urtero 200.000 euroko partidetan banatuta.

Gorka Unanue, Hirigintzako zinegotziaren esanetan, "uztaila amaieran burutuko den udalbatzarrean aurreikusten dugu lan hauen baldintzak onartzea, horrela papeleo guztia martxan jarri, beharrezko epeak bete eta lizitazioekin hasi ahal izateko". Udalaren nahia da urte amaierako lanak martxan izatea, "hau printzipioz beharrezkoa baita aurtengo diru laguntza eskuratzeko".

Fotos

Vídeos