Keta Babyauto berriz lehen postuan

Paulo Eizagirre. Bigarren gola partida amaieran sartu zuen. /  AMAXKAR
Paulo Eizagirre. Bigarren gola partida amaieran sartu zuen. / AMAXKAR

Muniberi 3 eta 1 irabazita Getariako Keta futbol taldea berriro lider kokatu da igoera fasean

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Jakina zen erraza ez zela izango igoera fasea Erregional 1. mailan baina jardunaldiak aurrera doaz eta getariarrak berriro lehen postuan kokatu dira. Bi partida jarraian etxean zituzten eta bietan nagusituta berriro konfiantza handiarekin jokatzen ari dira Azpitarteren mutilak.

Larunbatean Mendibeltzen 3 eta 1 nagusitu ziren Munibe taldearen aurka. Partida kontrolpean izan zuten getariarrak une oro. Hasieratik baloiaren jabetza eskuratu eta garaipenaren bila atera ziren. Patxi Berasaluzek ireki zuen donostiarren atea lehen zatian eta berak eman zion berriro abantaila taldeari bigarren zatiko hasieran. Markagailu horrekin lasaitasun handiarekin jokatzeko moduan izan ziren Babyautoko jokalariak eta hirugarrena etorriko zen Martin Royoren oinetatik. Munibek ohorearen gola partidaren azken unean lortu zuen, dena erabakita zegoenean.

Hiru puntu oso baliotsuak izan dira kontutan izanik Dunboak etxean galdu duela eta lidertza getariarren esku geratu dela. Dena den, oraindik lan asko egin beharko dute getariarrak. Segura eta Ilintxa oso indartsu daude eta biak partida bat gutxiagorekin aurkitzen dira, beraz lidertza izan arren edozein unetan galdu dezake Ketak, elurragatik atzeratutako partidak jokatzen direnean.

Horregatik puntu denak dute garrantzia eta datorren asteburuan azken sailkatuaren etxera joan behar dute, Pasaia. Honek ez du esan nahi partida erraza izango denik eta hiru puntuak lotu behar dituzte goian jarraitzeko. Pasaitarrak etxean nahiko ahul azaldu dira igoera fase honetan puntu bakar bat lortuta baina aurkari txikirik ez dago eta puntu guztiak balio berbera dute.

Gazteak ezin Astin

Gazte mailako taldean kopako partida zuen Zarauzko Asti futbol zelaian eta esku hutsik itzuli ziren partida borrokatu baten amaieran. Etxekoak indartsu atera ziren eta bizkor aurrea hartu zioten Ketari bi golekin. Lertxundik diferentzia laburtu arren berriro zarauztarrak aurreratu ziren eta partidaren hondarrean Paulo Eizagirrek egin zuen bigarren gola. Amaieran 5 eta 2koak garbi erakutsi zuen multzoko talderik indartsuenetakoa dela Zarautz eta Ketak lanean jarraitu beharko du sailkapena hobetzeko asmoz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos